errefuxiatuak

Hernanin agertutako errefuxiatu kurduek alde egin dutela uste du Gurutze Gorriak

Berria, Maite Asensio Lozano, 08-10-2015

Asteartean izan zuten haien berri azken aldiz Gurutze Gorriaren Donostiako aterpetxean. Litekeena da Erresuma Batura joan izana, hura baitzen euren hasierako helmuga. Joan den astean Hernain (Gipuzkoa) hozkailu kamioi batean agertutako hiru iheslari kurduen berririk ez du Gipuzkoako Gurutze Gorriak herenegundik. Erakundeak Donostiako Intxaurrondo auzoan duen aterpetxean ostatu hartuta zeuden hiru gazteak, baina asteartetik asteazkenerako gaua ez zuten bertan igaro. Astearte goizean agertu ziren aterpetxean azken aldiz, baina ez zuten han bazkaldu. Gurutze Gorriko arduradunek uste dute alde egin dutela hirurek; litekeena da Erresuma Batua izatea haien helmuga.
Izan ere, bertara heldu nahi zuten hiru errefuxiatuek Kirkuk hirtik atera zirenean, Estatu Islamikoaren jazarpenetik ihesi. 19 eta 26 urte artean dituzte. Ertzainei jakinarazitakoaren arabera, nork bere aldetik hasi zuten bidaia, eta bidean ezagutu zuten elkar. Kurdistandik Turkiaraino heldu ziren, eta handik irteteko pertsonen trafikoan diharduen talde bati dirutza ordaindu zioten, Erresuma Batura eraman zitzan.
Hernaniko gasolindegi batean agertu ziren, ordea, irailaren 30ean, dokumentaziorik gabe. Hozkailu kamioi batean zihoazen: hipotermia sintomak zituztela – eta, ospitaleratu behar izan zituzten; senda agiria eman zieten hurrengo egunetan. Osatu eta gutxira nazioarteko babesa eskatu zuten; Gurutze Gorriko kideek azaldu dutenez, urriaren 21ean zuten hitzordua polizia – etxean, eskaera hori kudeatzen hasteko.
“Halakoak gertatzen dira. Gutxi dakigu haien erabakiaz”, adierazi du Kattalin Arangurenek, Gurutze Gorriko Harrera arduradunak. Ohartarazi du, hala ere, itzularazteko arriskuan daudela: Schengen espazioko herrialderen batean atzemango balituzte, Hego Euskal Herrira edo Espainiara eramango lituzkete, Espainiako Poliziak hartua baitu haien erregistroa.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)