«Polizia Auzitegi Nazionalaren erabakien aurka dagoela dirudi»
Astearteko atxiloketaren ondoren, Hernaniko etxera itzuli da Hassanna Aaalia sahararra. Kanporatua izateko arrisku handiagoa du orain
Berria, , 08-10-2015Ezusteko atxiloketak are gehiago nahasi du 27 urteko gazte sahararraren egoera. Astearteko atxiloketaren ondoren, kalean da Hassanna Aalia, eta, BERRIAri argitu dioenez, gertatutakoak «ez du inongo zentzurik». Hernaniko bere etxera (Gipuzkoa) iritsi eta berehala aurkeztu zuen Aaliaren abokatuak, atzo goizean, azken kanporatze aginduaren aurkako helegitea —48 orduko epemuga zuen—. Zer gertatuko den ez daki, baina «ekintza bidegabea» izan dela salatu du, haserre, Aaliak.
Asteartean, kaleko jantzitako bi poliziak gelditu zuten trenean, Burgosen (Espainia). Ez zioten onartu urtarrilean Espainiako Auzitegi Nazionalean jarritako helegitearen agiria. «Espainian legez kanpo» egotea egotzi zioten. Hurrengo geltokian jaistera behartu, eta, polizia etxetik igaro ondoren, ziega batera eraman zuten. Kontraesanen zerrenda argitu ezinik dago Aalia: «Ez dut ulertzen zergatik ez dizkidaten onartu Auzitegi Nazionaleko paperak. Ematen du Polizia bera Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurka dagoela».
2015eko urtarrilean abiatutako prozesu judiziala martxan den bitartean, Espainian bizitzeko baimena du gazteak. Izan ere, urtarrilean jarri zuen babes helegitearen harira, Auzitegi Nazionalak onartutako kautelazko neurri batek bertan behera utzi zuen, behin-behinean, kanporatzeko agindua. Aaliak hilabeteak daramatza epaitegiaren erantzunaren zain. Orain arte, ez du behin ere arazorik izan nortasun agiriak eskatu dizkiotenean, baimen berezi hori erakutsita. Abokatuaren arabera, ebazpen horrek asteartean emandako aginduaren gainetik egon beharko luke.
2011ko urrian heldu zen Euskal Herrira, hiru hilabete pasatzera, eta oraindik ez da etxera itzuli. Hassanna Aalia ikasketa beka batekin etorri zen Mendebaldeko Saharatik. Egonaldia amaitu gabe zela, Rabateko (Maroko) auzitegi militar batek bizi guztiko kartzela zigorra ezarri ziola jakin zuen. Gdeim Izikeko kanpalekuko bake protestan parte hartzea eta polizia marokoarrei eraso egitea egotzi zioten. Asilo eskaera egin eta hiru urtera, aurtengo urtarrilean, «espero gabeko» ezezko erantzuna eman zion Espainiako Gobernuak, eta Aaliak helegitea jarri zuen segituan.
Arriskuaren larritasuna
Gertakari «bidegabea» kontatzeko eta jasotako babesarengatik eskerrak emateko mezu bat zabaldu du Aaliak sare sozialetan. Espainiako Gobernua gogor kritikatu du : «Herrialde abegitsu baten irudia saltzen du, baina begira zer egiten ari zaidan niri. Hipokresia hutsa da». Sahararren autodeterminazio eskubidearen alde eginiko lanak eta bere egoera kezkagarriak hainbat eta hainbat herritar hunkitu ditu. Elkartasun mezuz bete da sarea, eta hainbat alderdi politiko, eragile eta kolektibok ere babesa adierazi diote.
Bilbon, EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao udal taldeek bultzatuta, Aaliaren aldeko adierazpena onartu zuen atzo udalbatzak, alderdi guztien oniritziarekin: Marokora itzultzekotan gazteak bizi osoa kartzelan pasatu beharko duela gogoratu zuten, eta bere babes eskaera onartzea galdegin zioten Madrili. Bestalde, «errefuxiatuei segika ibiltzeari» uzteko eskatu dio gobernuari Jon Iñarritu diputatuak, Amaiurren izenean. Ezker Anitzak, aldiz, «Hassannaren bizia mehatxatzen duen egoera bidegabea» salatu du.
(Puede haber caducado)