Dirua eta bisak Turkiari, Siriako errefuxiatuak mantentzearen truke

Europako Batasunak eta Ankarak akordioa egin dute iheslarien krisiaren inguruan. Zirriborroan ez diote aipamenik egin Turkiaren eskari nagusiari: Sirian «segurtasun eremu bat» ezartzeari

Berria, Mikel Rodriguez, 07-10-2015

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Bruselara bidaia egin eta biharamunean, Europako Batzordeak eta Ankarak Siriako errefuxiatuen krisiaren inguruan egindako akordio baten zirriborroa aurkeztu dute. Horren arabera, EB Europako Batasunak diruaren eta bisen liberalizazioa emanen dizkio Ankarari, hark errefuxiatuak Turkian mantentzearen truke EBra joan ez daitezen. Erdoganek nahi du EBk babestea Turkiaren eskari nagusietako bat: Sirian Turkiarekiko mugan lurralde bat okupatzea «segurtasun eremu bat» sortzeko. Akordioaren zirriborroan ez diote aipamenik egin horri, baina EBk Turkiari laguntzeko konpromisoa hartu du herrialde horretara «legez kanpoko migrante gehiago ailegatzea eragozteko». «Ekintzarako planaren asmoa da Siriako gatazkaren ondorioei aurre egitea, ez da gatazkaren konponbiderako erabakietan sartu», azaldu du Frans Timmermans Europako Batzordeko presidenteorde lehenak. Batzordeak jakinarazi du EBn dauden errefuxiatuen lehenbiziko banaketa etzi eginen dutela, baina ez dira Siriakoak izanen; Italiatik Suediara Eritreako hainbat errefuxiatu eramanen dituzte.

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak eta Erdoganek Bruselan sinatutako akordioak bi zati dauzka: lehenbiziko zatian, Siriako errefuxiatuei Turkian bertan laguntza emateko neurriak hartu dituzte; eta, bigarren zatian, errefuxiatuen mugimenduak mugatu eta kontrolatzeko elkarlana ezarri dute. Bertzeak bertze, EBk 1.000 milioi euro emanen dizkio Turkiari Siriako errefuxiatuen harrera eta zerbitzuak kudeatzeko erabil ditzan. Horren truke, Turkiak eragotzi egin beharko die errefuxiatuei EBren baimenik gabe batasunera migratzea. Bi aldeek «segurtatu» nahi dute «nazioarteko babesa behar ez duten legez kanpoko migratzaileak jatorrizko lekura agudo bueltatzea». Akordioaren zirriborroaren sarreran, bi aldeek diote plana betetzeak «bizkortu» eginen dituela Turkiak eman beharreko pausoak bisa liberalizazioa lortzeko.

Estrategikoki indartuta

Turkiak lortu du Mendebaldearentzat daukan balio estrategikoa berriz ere handitzea. EBrekin egindako akordioa da azken adibidea. 2014ko udan EI Estatu Islamikoak Iraken eta Sirian erasoaldi handia hasi zuenean, bi herrialde horietako kurduen miliziak bihurtu ziren Mendebaldeak muturreko talde islamista sunita geldiarazteko lagundu zitzakeen indar eraginkorrenak. Turkia hasieratik elkarlan horren aurka agertu zen, eta trabak paratu zizkion, beldur baitzen mugaren bertze aldeko kurduak indartzeak bere mugen barnekoen aldarrikapen subiranistak ere indartuko ote zituen. Kurduen miliziek nazioartean, eta bereziki Mendebaldean, oihartzun eta legitimazio handia lortu zuten borroka horren ondorioz. Kurdistanen burujabetzarako mugimenduak Turkiari leporatu zion EIri laguntzea kurduen aurka.

Turkiak, ordea, iragan uztailetik aitzinera lortu du berriz ere Mendebaldearentzat erabakigarri bihurtzea. Batetik, AEBek EIren aurkako erasoaldia zabaltzeko Turkiako aire baseak behar zituzten, eta Ankararekin akordio egitearekin bat, Erdoganek PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren aurkako erasoaldi zabala hasi zuen, AEBen eta EBren oniritziarekin. Abuztuan, Siriako errefuxiatuen krisia piztu zen. Turkiak 2,2 milioi siriar hartu zituen, eta EBra joateko bidean pasabide nagusia da. Eta irailean, Errusiak Sirian esku hartzea erabaki ondoren, Mendebaldearen eta Moskuren arteko lehian eragile garrantzitsua bihurtu da Turkia.

Hori irudikatu da azken egunotan Errusiako hegazkin bat Siriatik Turkiako aire eremura sartu zela-eta Ankararen eta Moskuren artean sortu den liskar diplomatikoarekin. Turkiako Atzerri Ministerioak salatu du larunbatean ez ezik igandean ere Errusiako bertze hegazkin bat sartu zela Turkiako aire eremuan. «Errusiarekin harreman onak ditugu, baina gal gaitzakete. Errusiak Turkia galtzen badu, anitz galduko du», adierazi zuen atzo Erdoganek.

NATOren babes osoa

NATOko kidea da Turkia, eta Mendebaldeko aliantza militarrak babes osoa agertu dio. Jens Stoltenberg idazkari nagusiak adierazpen gogorrak egin ditu, eta erran du ez zaiola iruditzen Errusiako hegazkinak Turkian sartzea «istripu bat» izan denik. Stoltenbergek Moskuri exijitu dio halakorik ez errepikatzeko, eta oroitarazi dio «Turkiaren mugak NATOren mugak» direla.

Errusiak salatu du haren aurkako «kanpaina mediatiko boteretsu bat» sortu dela Siriako esku hartzea dela-eta, eta Maria Zakharova Atzerri Ministerioko bozeramaileak 2001eko irailaren 11ko erasoak oroitarazi ditu AEBen kritikei erantzuteko. «Estatu Batuei lagundu genien, NBEren Segurtasun Kontseiluan barne. Terrorismoa borrokatzen lagundu genien, terrorista onak edo gaiztoak ziren galdetu gabe».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)