Hassanna Aaliari hamabost egun eman dizkiote alde egiteko

Kalez jantzitako poliziek atzeman zuten atzo Aalia, tren batean, eta Burgosen utzi zuten aske. Gauerdian iritsi da Hernaniko bere etxera, BERRIAri adierazi dioenez. Asilo eskaera ukatu egin zion Espainiako Gobernuak; Aaliak helegitea jarrita dauka erabakiaren kontra.

Berria, , 07-10-2015

Espainiako Auzitegi Nazionalean helegite bat jarria du Hassanna Aaliak, eta hori erakutsi zien trenean gelditu zuten poliziei. Baina, hala ere, hurrengo geltokian jaitsiarazi eta polizia etxe batera eraman zuten. “Espainian modu ilegalean” egotea egotzi diote, eta hamabost egun eman dizkiote alde egiteko.
Ekintzaile sahararrak BERRIAri zehaztu dioenez, helegitea jarriko du aginduaren kontra; ostegun arteko epea du hori egiteko.

27 urte ditu Aaliak, eta Marokoko auzitegi militar batek betirako espetxe zigorra eman zion 2011ko otsailean. Gdeim Izikeko kanpalekuko protestan parte hartzea eta polizia marokoarrei eraso egitea egotzi zioten. Euskal Herrian bizi zen haren kontrako bilatze eta atxilotze agindua eman zutenean, eta itzultzea erabaki zuen. Asiloa eskatu zuen, baina ukatu egin zion Espainiako Gobernuak. Orduan helegitea jarri zuen.

Martxoan kanporatzeko arriskuan izan zen Aalia, baina haren aurkako kanporatze agindua bertan behera geratu zen, behin-behinean, Espainiako Auzitegi Nazionalak Aaliaren babes helegitea aintzat hartzea erabaki baitzuen. Kanpaina indartsu bat jarri zen abian ekintzaile sahararraren asilo eskubidearen alde.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)