SOS Arrazakeriak kritikatu egin du iheslari kurduak kanporatzeko espedientea

Aparteko baimenak emateko prozesuak badiren arren ez direla aintzat hartu salatu du. Espedientearen aurka helegitea jarri dute bi iheslarik

Berria, , 02-10-2015

Delitua. Hitz horren itzala albotik uxatu ezinik daude astearte arratsaldean Hernanin (Gipuzkoa) kamioi batean agertu ziren hiru iheslari gazteak. Horren kritika egin du SOS Arrazakeriak. Izan ere, oroitarazi du gazteek kontatu dutela Estatu Islamikoaren jazarpenetik ihesi datozen kurduak direla, zehaztapenak emanez. «Argi dago beren istorioa», esan du elkarteko abokatu Mikel Mazkiaranek. Horregatik iruditzen zaio kritikagarria Espainiako Poliziak gazteak kanporatzeko irekitako espedientea. «Izan ere, Atzerritarren Legean badira bideak bestelako baimenak emateko». Baimen berezi bat emango balitzaie, gazteek espedientearen mehatxua saihestu eta beren egoeraren «aitorpen» berezi bat jasoko luketela adierazi du.

Ez da horrelakorik izan, ordea; horregatik, espedientearen aurkako bidea hartzea beste hauturik ez zaie geratu gazteei: bik helegitea aurkeztu zuten atzo. Hirugarrenak zer egingo duen ez dago argi; erietxean zegoen oraino atzo arratsean. Aurreragoko urratsak ere buruan dituzte gazteek. Ebaluatzen ari dira asiloa eskatuko duten edo beste hautu juridikoren batera joko duten. Nazioarteko babes subsidiarioa deituan ere aurki dezakete abaroa. «Babesa emateko beste figura bat da», azaldu du Mazkiaranek. Gurutze Gorriak harrera eginda daude.

Bide luzea

Hozkailu-kamioi batean iritsi ziren hiru gazteak Hernanira, pertsonen trafikoan diharduen talde bati dirutzak ordainduta. Gazteak direla oroitarazi du SOS Arrazakeriako ordezkariak, eta arras ataka zailean daudela; egoerari neurria hartzeko ahalegina egiten. «Blokeatuta daude. Ingalaterra helduko zirela espero zuten, eta hara. Haserre ere badaude, iruzur egin dietela eta, haserre», azaldu du. «Agian lasaiago daudenean eskatuko dute asiloa». Batere dokumentaziorik gabe daude, baina horrek ez du, Mazkiaranen aburuz, eragozpen izan behar egin ditzaketen babes eskakizunei taxuz erantzuteko.

Asiloa eskatzeko eskubidea du bere herrialdean jazarpena jasotzeko arriskua duela adierazten pertsona orok. Pentsatzekoa da, jomuga han zutenez, eskari hori Erresuma Batuan egin nahi luketela gazteek. Izan ere, Espainiako Barne Ministerioari �—hark ditu eskumenak alorrean�— eskatzen badiote, urte luzez Espainiako administrazioaren pean dauden lurraldeetan bizi beharrean geratuko diren susmoa dute gazteek. «Eta oso luzea da behin betiko asiloa lortu ahal izateko prozesua», salatu du Mazkiaranek.

Dublingo hitzarmena

Asilo eskaria aintzat hartzen den jakiteko prozesua ez da luzea; hamabost egunen bueltan argitu behar izaten da. «Eta onartzen bada, agiri bat jasotzen dute eskatzaileek». Gero hasten da prozesu malkarra: urteetakoa. Horrek asilo eskatzaile asko ataka zailetan jartzen dituela azaldu du SOS Arrazakeriako ordezkariak: «Askok, urteak aurrera joan ahala uko egiten dio asilo eskubideari; atzerritartasun baimena eskatzen dute horren ordez». Dublingo Hitzarmena deituak �—1990ean EB Europako Batasuneko herrialdeek izenpetua�— arautzen ditu gaur egun asilo eskubidearen ingurukoak: sistema horrek asilo eskatzaileak behartzen ditu beren eskaera sartzen diren batasuneko lehen herrialdean eskatzera. Horretan oinarrituta, Espainiako Gobernuari eskaria egitera behartuta daude gazteak. Asiloaren behin betiko onespena lortu aurretik beste herrialderen batera bizitzera badoaz, handik «kanporatuak» izateko arriskua dutela esan du Mazkiaranek. Nazioarteko babes subsidiarioaren gaineko erantzuna jasotzeko prozesua ere luzea izaten dela adierazi du.

Errefuxiatuen gaia presente egon zen atzo Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk eraman zuen; legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen, zeinean eskatu zuen iheslarien «babeserako herrialde» izendatzeko EAE. Ez zen onartu. Beste talde politikoek ordezko testu bat onetsi zuten; errefuxiatuei harrera egiteko plan bat eta laguntzak eskatu zituzten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)