Asilo eskaria egingo duten argitu artean, zalantzan da hiru iheslarien etorkizuna

Kurdistandik, EIren jazarpenetik ihesi atera zirela azaldu dute Hernanin kamioi batean aurkitutako lagunek. Espainiako Poliziaren esku daude

Berria, Arantxa Iraola, 01-10-2015

Apurka ari da ezagutzen Hernanin (Gipuzkoa) hozkailu-kamioi baten barruan herenegun aurkitu zituzten hiru iheslarien inguruko informazio gehiago. Kurdistango Kirkuk hirikoak direla, eta Estatu Islamikoaren jazarpenetik ihesi atera zirela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Hala ere, oraindik argitzeko dago zein izango den haien etorkizuna; asilo eskaririk egingo ote duten, eta haien kargu zein erakunde egingo den. Espainiako Barne Ministerioaren esku dago zer estatus dagokien erabakitzea, eta asilo eskaririk egingo balute, auziaren gainean ebaztea. Hori dela eta, Ertzaintzak, deklarazioa hartu ostean, Espainiako Poliziaren esku utzi zituen atzo; horietako bat Donostia ospitalean zegoen artean iluntzean, lerrook idazterakoan. Hobera egin du haren osasunak, erietxeko iturrien arabera.

A-8 autobideko gasolindegi batean, Hernani aldean aurkitu zituzten hiru iheslariak. 18:40 aldera jaso zuten abisua larrialdi zerbitzuetan. Segurtasun Sailaren arabera, beste kamioizale batek hozkailu-kamioiaren barrutik zetozen oihu eta kolpeak entzun zituen; ibilgailuaren jabea ohartarazi zuen, eta Ertzaintzari hots egin zioten. Atoia zabaltzean, hipotermiak jota eta oxigenoaren falta zutela topatu zituzten hiru gizonezkoak. Donostia Ospitalera eraman zituzten, eta ez zeudela larri jakinarazi zuten erietxetik.

Hiru gizonak Siriatik zetozela esan zen aurrena, baina atzo jakin zen kurduak direla. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzaren aurrean 19 eta 26 urteko bi gizonezkok deklaratu zuten lehenik, eta 19 urteko beste gizonezkoak gero —hori ospitalean dago oraindik ere—. Haiek kontatutakoaren arabera, nork bere aldetik hasi zuten bidaia, eta bidean ezagutu zuten elkar. Kurdistandik beren kabuz abiatu ziren Turkiaraino. Handik irteteko, pertsonen trafikoan jarduten duen talde batekin izan zirela harremanetan, eta dirutza ordaindu zutela azaldu zuten —7.500 eta 9.000 dolar—. Hainbat autotan mugitu ostean, Frantzian —zehazten jakin ez duten herri batean— sarrarazi zituzten hozkailu-kamioian. Berez, Poloniatik abiatua zen kamioia, eta Madril zuen helmuga. Hamar graduko tenperaturan egin dute bidaia. Erresuma Batura zihoazela uste zuten gazteek.

Kamioiaren gidariari bidea egiten utzi diotela esan du Segurtasun Sailak, gazteen bidaiarekin zer ikusirik ez duela ondorioztatuta. Gidariak deklaratu zuen Amberesko portuan (Flandria) jaso zuela kamioian zeraman fruta zama, eta litekeena dela gazteak orduan sartu izana ibilgailuan, atoia bistaz galdu zuen uneren batean. Ertzainek baieztatu zutenez, puntu horretan jarritako zigilua zeraman kamioiak, eta horrek gidariaren bertsioa baieztatuko luke, hots, Amberesen igo zirela gazteak, ez bidean zehar.

Nolanahi den, senda agiria jaso zuten bi gazteak Espainiako Poliziaren Donostiako egoitzan zeuden atzo iluntzean, Gurutze Gorriak lagunduta, eta Espainiako Poliziaren zaintzapean zuten hirugarrena, ospitalean.

Prozedurak eta erakundeak

Hiru iheslariek asilo eskaera egiteko eskubidea dutela azaldu du CEAR Euskadi erakundeko presidente Javier Galparsorok. «Edonoiz egin dezakete eskaria; beren eskubidea da. Hala ere, ez dirudi oraindik eskaririk egin dutenik. Eta eskaerak norberak egindakoa izan behar du; CEARek edo beste erakunderen batek ezin du halakorik egin inoren izenean. Norberak egin beharreko urratsa da, eta soilik orduan has liteke asiloa emateko prozesua».

Ofizioko abokatu baten esku dago orain arreta juridikoa emateko ardura. «Asiloa eskatu edo ez, arta juridikoa beharko dute», ohartarazi du. Asiloa eskatzen badute, prozedura hasteko; asilo eskaririk ez bada, berriz, kanporatuak izan daitezkeelako. Antza, hiru lagunek ez zeramaten agiririk soinean; horrek «zaildu» bai, baina ez duela eskakizuna egitea eragozten zehaztu du. «Zenbaitetan, pentsatzen dute agiririk ez badakarte zailagoa izango dela beren jaioterrira bidaltzea. Auzi zaila da».

Europako Batasuneko herrialdeek adostutako kuoten prozeduraren bidez, iheslari gutxi iritsiko direla uste du Galparsorok. «60 milioi errefuxiatu dira munduan; operazio horren bidez, jende kopuru txiki bati erantzungo zaio». Hala, argi du Hernanikoaren antzeko kasuak ugarituko direla: «Beste asko etorriko dira».

Asiloa ematen bazaie, Gipuzkoako Foru Aldundia harrera egiteaz arduratuko dela esan du Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak: «Jaurlaritzarekin koordinatuko gara horretarako».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)