Laguntza premia, orain

Berria, Jakes Goikoetxea, 30-09-2015

Siriako iheslarien errealitate gordina ez da ez desagertu, ez hobetu, komunikabide nagusietako azaletatik eta barruko orrietatik desagertu bada ere. Europara iristen jarraitzen dute, gerratik ihesi. Europan hesiak, txarrantxa, errepresioa eta burokrazia amaigabea topatzen jarraitzen dute.

Duela hilabete, asaldura eragin zuten Vienako errepide bazter batean kamioi baten barruan aurkitutako 71 iheslarien gorpuek. Itota hil ziren.

Antzeko zerbait gertatzear egon da, ez Austrian, Euskal Herrian bertan baizik. Hiru iheslari aurkitu dituzte Poloniatik Madrilera zihoan kamioi hozkailudun baten barruan, Hernaniko gasolina zerbitzugune batean (Gipuzkoa), itotzear eta hipotermiarekin. Garraiolari batek iheslarien etsipen kolpeak entzun ditu, eta orduan atera dituzte kamioitik. Ospitalean daude.

Ez begiratu bakarrik Greziara, Turkiara, Hungariara, Alemaniara… Euskal Herriraino iritsi dira jada. Ez modu ordenatuan edota gobernuen negoziazio zekenetatik ateratako kupoen barruan. Ez gobernuz kanpoko erakunde baten laguntzarekin. Kamioi baten barruan baizik, hotzez eta oxigenorik gabe ia. Ihesi. Erakundeek baliabideak, prozedurak eta laguntza sareak antolatzen eta prestatzen jarraitzen dute. Beharko dira. Ez agintariek nahi dutenean bakarrik. Iheslariek behar dituztenean baizik. Hiruk laguntza behar dute. Orain.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)