Kamioi batean hiru errefuxiatu aurkitu dituzte Hernanin, hipotermiak jota

Gasolindegi batean topatu dituzte, kamioi hozkailu batean, beste gidari batek oihuak entzunda. Ospitalera eraman dituzte, baina ez daude larri.

Berria, Garikoitz Goikoetxea, 30-09-2015

Beste herrialde batzuetan agertu dira orain arte. Ihesi, gerratik ihesi, kamioietan-eta gordeta, Europara heldu nahian. Siriako errefuxiatuak. Euskal Herrian bertan agertu ziren atzo hiru errefuxiatu, Hernanin (Gipuzkoa), hozkailu baten barruan, oxigeno faltan eta hipotermiak jota. Ertzaintzak jakinarazi du 18:40 aldera jaso zutela abisua larrialdietan; oihuak entzuten ari zirela kamioi hozkailu baten barrutik. Hiru gizon ziren, Siriakoak. Donostia ospitalera eraman zituzten. Erietxeko iturriek azaldu dute ez daudela larri.
A-8 autobideko atsedengune batean agertu ziren. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, beste kamioizale batek entzun zituen oihuak eta kolpeak, eta kamioiaren jabeari abisu eman zion. Ertzaintzari hots egin zioten. Ireki zuten atoia, eta han aurkitu zituzten Siriako hiru errefuxiatuak. Hamar graduko tenperaturan egina zuten bidea.

Fruta zeraman kamioiak. Poloniatik abiatua zen, eta Madrilera zihoan. Azken geldialdia atzo bertan egin zuen, Belgikan. Kamioilariari buruz galdera eginda, ikertzen ari zirela azaldu zuten atzo arratsean Segurtasun Saileko iturriek, eta bitartean gidariaren aurkako neurririk ez zutela hartu.

Beste kasu batzuk

Kamioi barrutik atera, eta ospitalera eraman zituzten hiru gizonak. Behaketapean zeuzkaten atzo arratsean, bide luzea tenperatura txikian eginda osasun arazo batzuk zeuzkatelako. Nolanahi ere, Donostia ospitaleko iturrien arabera, ez daude larri. Badaezpada ere, erietxean edukiko dituzte ordu batzuetan.

Ez da lehen aldia Europan kamioietan ezkutatuta agertzen direna errefuxiatuak. Abuztuan, 71 errefuxiatu hilda aurkitu zituzten Austrian, kamioi batean. Bide bazterrean utzia zegoen kamioia. Duela bi aste, Bretainian 11 lagun atera zituzten kamioi batetik onik.

Prestakizunetan segitzen dute erakundeek errefuxiatuei harrera egiteko, eta horren aurretik heldu dira hiru siriarrak Euskal Herrira. Atzo arratsean argitzeko zegoen nor egingo den haien kargu. Errefuxiatuak hartzeko nahia agertua dute hainbat erakundek aurretik.

Bizkaiko Foru Aldundiak, adibidez, bilera egin zuen atzo bertan herrialdean errefuxiatuekin lan egiten duten elkarteekin. Prozedura nolakoa izango den aztertu zuten. Gisa bereko batzarrak egiten ari dira beste erakunde batzuk ere. Nafarroako Gobernuak iragarria du urri erdialdera helduko direla hamasei errefuxiatu Ceuta eta Melillatik. Gurutze Gorriaren bidez ekarriko dituzte Nafarroara.

Espainiako eta Frantziako gobernuei dagokie orain mugitzea, banaketa zehazteko. Espainiako Kongresuak ebazpen bat onartu zuen atzo, aho batez. Tramiteak azkartzeko eskatu diote gobernuari. Orain arteko aurreikuspenen arabera, 1.200 errefuxiatutik gora helduko dira Euskal Herrira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)