GIZA ESKUBIDEAK, HEDABIDEAK ETA XEDEA

Gara, JOSU OSKOZ, MIGUEL ANGEL NAVARRO ETA ANDRES KRAKENBERGER ARGITUZ GIZA ESKUBIDEEN ALDEKO ELKARTEA, 29-09-2015

Lehen Mundu Gerratik hona, lekualdatu-kopururik handiena ikusten ari gara orain. Dena den, ez da fenomeno berria: urterik urte, milaka lagun lekualdatzen dira munduan, derrigor. Oraingoan, baina, atean deika dugu kopuru handi samarra, etxetik ihes egin behar izan dutenak gatazka armatu baten ondorioak, indarkeria nagusi den egoerak edo giza eskubideen urratze masiboak saihesteko.

Komeni da gogora ekartzea errefuxiatuen esparru zaharrenak eta handienak ez daudela Europan. Izan ere, beste herri eta beste estatu batzuek hartu dituzte ehunka mila lekualdatu hamarkada luzez, askoz baliabide gutxiago izanda ere.

Kenyan, Dadab kanpamentua dago 1991z geroztik, 400.000 lagun baino gehiagorekin. Hasiera batean, Somaliako gerratik ihes egindako 90.000 pertsona hartzeko prestatu zuten, baina gaur egun, errefuxiatuen kanpamenturik handiena da; bertan, batik bat, emakumeak eta neska-mutilak daude. Etiopian, 2011tik, 200.000 lagun baino gehiago daude Dollo Ado kanpamentuan; gehienak somaliarrak dira, herrialdean bi hamarkada baino gehiago dirauen gerratik ihesean heldutakoak, baina Hego Sudangoak edo Eritreakoak ere badaude. Halaber, gogora ekar ditzakegu kanpamentuetan bizi diren 100.000 palestinarrak, Gazako zerrendan; 2012az geroztik Al Zatari deritzon kanpamentuan nekez bizi diren 80.000 siriarrak, Jordanian; edo Tindufen (Aljeria) hamarkadak daramatzaten 200.000 saharar errefuxiatuak, Espainiak lurraldea utzi eta Marokok aurrerago okupazio militarra egin ostean.

Hala ere, azken hilabeteotan, Siriako, Irakeko edo Afganistango gerretatik ihesean dabiltzan 350.000 lagun inguru iritsi dira Europako herrialdeetara –arestian aipatutakoak baino askozaz ere aberatsagoak–, hau da, Kenyak bakarrik 1991z geroztik hartzen dituen errefuxiatuak baino gutxiago.

Edozein motatako hondamendiak direla-eta gizakiak ezinbestean lekualdatzeko fenomenoa gorantz doa (nahiz eta ez den berria), eta argi dago Europako kanpo politikak zerikusi handia duela; hala, beste ezer baino lehenago eta lehenik eta behin, ukitutako pertsonen giza eskubideak bermatzen dituzten politika publiko eraginkorrak behar dira: egunero entzuten dugun ikuspegi asistentzialista eta erreaktiboaren aurrean, giza eskubideen ikuspegia ezartzea pertsona horiek artatzean.

Argituz elkartean, eta beti giza eskubideen nazioarteko zuzenbideari begira, uste dugu pertsona horiek bereziki ahulak direla, eta, beraz, administrazio publikoek giza eskubideak bermatzeko eta sustatzeko zeregin argia dutela; hartara, horretara bideratu behar dituzte –une oro– orain planteatzen ari diren politika publikoak (harrera arautzeari eta kuotei buruzkoak).

Pertsona horiek aitortutako giza eskubide guztien titular dira, eta gurean egokiro gizarteratzea sustatzen duten politika publikoen hartzaile izan behar dute, ihes egitera behartu zituzten zioek bere horretan dirauten artean; ildo horretatik, politika publiko horiek bermatu behar dute haien bizi-baldintzek giza duintasuna eta oinarrizko giza eskubideak errespetatzen dituztela, eta, errefuxiatuak direla aintzat hartuta, bereziki garrantzitsuak dira asiloa eskatzeko eta lortzeko eskubidea, mugimendu askatasunerako eskubidea, kanporatze kolektiboa debekatzea edo senideak elkarrekin egoteko eskubidea.

Eskubide ekonomikoak, sozialak eta kulturalak eskuratzeko erraztasunak: heziketa jasotzeko eskubidea, osasuna, lana, bizi-maila egokia… Horixe da integrazio soziala, ekonomikoa, politikoa edo kulturala sustatzeko bidea eta modurik eraginkorrena, duinena eta begirunetsuena. Harrerak, halaber, pertsona horien beharrik larrienei hasieran erantzuteko moduko politika publikoak abiaraztea ere esan nahi du. Baina gainera, harrera politika publikoak sustatzea da, gizarte irekia, plurala eta askotarikoa osatzeko, eraiki nahi den identitate sozialaren ikusmolde polikromoarekin bat etorriz, eta zenbait ordezkari politiko helarazten tematu diren beldurraren edo gorrotoaren diskurtsoak ekidinda.

Egin diezaiogun jaramon historiako pentsalari bikainetako batek, Albert Einsteinek, eginiko oharrari: arazoak ezin ditugu konpondu sortu genitueneko modu berean pentsatuz.

(Itzultzailea: Nagore Perez)

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)