«XXI. mendean jada ez genuke hesi edo harresirik eraiki behar»

Ban Ki-moonek errefuxiatuen auziaz aritzeko goi mailako bilera batera deitu du biharko

Berria, Kristina Berasain, 29-09-2015

Melillako hesiaren bestaldean dago Tuhafa. Siriako Homs herritik alde egin berri du, eta herrialde ezberdinetan ditu sakabanatuta seme-alabak. Immigranteentzako Aldi Baterako Zentroan dauden 1.700 errefuxiatuetako bat da. Muga noiz zeharkatuko zain dagoen bitartean, munduko estatu eta gobernuburuek errefuxiatuen auzia daukate hizpide, handik milaka eta milaka kilometrotara, zeharo urrun dauden bi errealitateren halako distantzia geografiko batean, itsaso zabal bat tartean.

«XXI. mendean ez genituzke hesiak edo harresiak eraiki behar munduan». Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak hitz horiekin eman dio hasiera erakundearen Batzar Nagusiaren 70. saioari. Hitzordu historikoa da, urtemuga borobilagatik, gai zerrenda luzeagatik, elkartu dituen estatu eta gobernuburu kopuruagatik eta munduari egokitu zaion aldiagatik. «Gizateriaren historian une erabakigarrian gaude».

Errefuxiatuen krisiaz aritzeko bihar bertan goi mailako bilera batera deitu ditu munduko agintariak Banek. Erronka latza da, izan ere, urte honen hasieran 52,9 milioi errefuxiatu eta desplazatu zeuden munduan, inoizko zenbakirik handiena —Sirian herritarren erdiek beren etxeak utzi dituzte (11,7 milioi)—.

Pobreziari aurre egitea

Munduan 11 harresi daude. Eta Banek Hungaria eta Kroazia artean eraikitzen ari diren hesia aipatu du zeharka «hesi eta harresirik» gabeko mundu bat aldarrikatzean.

Libano, Jordania eta Turkia siriar eta irakiarrekin «abegikorrak» izaten ari dira, idazkari nagusiaren ustez, eta garapen bidean diren herrialdeek«baliabide mugatuak» izan arren ere, desplazatuak jasotzen ari dira. Hungariak errefuxiatuei egin dien harrera, berriz, «onartezintzat» jo du, eta kontinente zaharra ere izan du ahotan herrialdeei eskatu dienean «jazarpena, erradikaltasuna, suntsipena eta beldurraren eraginez» jaioterria utzi behar izan duten errefuxiatuak babesteko: «II. Mundu Gerran hango herritarrak ziren munduan laguntza bilatzen zutenak».

Barack Obama AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentea bat etorri da idazkari nagusiarekin herrialdeei premiaz erantzun eta errefuxiatu gehiago hartzeko. AEBek datorren urtean egun baino 30.000 errefuxiatu gehiagori egingo diete harrera, presidentearen hitzetan —egun 70.000 jasotzen dituzte—. Europako Batasuneko estatu kideek 120.000 asilatu hartuko dituzte bi urtetan.

Obamaren hitzetan, ezin da ezinikusiarena egin giza krisi honen aurrean, eta ez da kasualitatea pobrezian bizi direnen herritarren erdiek gatazka dagoen herrialde batekoak izatea: «Haur bat hiltzen da 11 minututik behin saihestu daitezkeen arrazoiengatik». Pobreziari aurre egitea, beraz, lehentasuna dela adierazi du agintariak: «Pobreziaren zikloa amaitzen ahal dugu; egungo erronken aurrean estatuok atzean utzi behar ditugu liskar eta indarkeriaren bidez erantzuteko modu zaharrak».

Obamari kritikak

Garapen Iraunkorrerako Xedeak aho batez adostu dituzte estatu eta gobernuburuek pobreziari aurre egiteko. Obamak, baina, kritikak ere entzun behar izan ditu. Amerika hegoaldeko hainbat agintarik beste eredu ekonomiko bat aldarrikatu dute. Kritika zorrotzenak, baina, gobernuz kanpoko erakundeetako eta giza eskubideen ekintzaileak izan dira. Salil Shetty Amnesty Internationaleko idazkari nagusiak adierazi du ez dela bidezkoa giza eskubideak predikatzea horiek urratzen direnean, disidenteei eraso egiten zaienean eta haiek atxilotzen direnean, errefuxiatuei duintasunez bizitzea ukatzen zaienean eta ustelkeria praktikatzen denean: «Ezin duzu bakearen inguruko leziorik eman, armak fabrikatzen dituen lehen herrialdea bazara». Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorrak dira gastu militar handiena dituztenak: AEBak, Errusia, Txina, Erresuma Batua eta Frantzia.

Malala Yousafzai Bakearen Nobel saridunaren hitzak bide beretik joan dira:«Armak erosteko diru asko daukazue, baina hezkuntzaz ari garenean ez dut munduko agintarien interes bera ikusi. Eta hezkuntza ez da pribilegio bat, eskubide bat baizik; bakea da». Mundu osoko haur bakoitzarentzat kalitatezko hezkuntza askea eta segurua bermatzeko eskatu die agintariei Malalak.

Emakumeen egoera ere hizpide izan dute New Yorken. Berdintasunean urratsak egiteko konpromisoa hartu badute ere, egun emakumeen eskubide oinarrizkoenak urratzen direla utzi dute agerian: hiru emakumetik batek indarkeria fisikoa edo sexuala pairatzen duela. Saudi Arabia eta Txina izan dute ahotan. Su Changlani, esaterako, 15 urteko kartzela zigorra ezartzen ahal diote berdintasunaren aldeko kanpaina sustatzeagatik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)