Hamasei errefuxiatuko talde bat Nafarroan izango da urri hasieran

Ceuta eta Melillatik helduko dira, Espainiako Gobernuaren eta Gurutze Gorriaren itun batekin. Astelehenean bilera dute erkidegoek Madrilen

Berria, Garikoitz Goikoetxea, 24-09-2015

Hamasei laguneko Siriako errefuxiatu talde bat izango da Euskal Herrira iristen lehena. Ceuta eta Melillatik helduko dira Nafarroara, hango gobernuak azaldu duenez. Urri hasieran espero dituzte. Espainiako Gobernuak eta Gurutze Gorriak egindako akordio baten bidez iritsiko dira errefuxiatu horiek Nafarroara. Hurrengo asteetan iritsiko dira gehiago, herenegun Europako Batasuneko estatuek banaketa onartuta. Astelehenean bilera dute erkidegoetako ordezkariek Madrilen. Prozedura nolakoa izango den argituko dute.

Errefuxiatuen krisia Europan zirrara eragiten hasi zenean —batez ere Aylan umea hondartza batean gorpu ageri zen argazkia zabaldu zenean—, Nafarroako Gobernua lehena izan zen herrialdea eskaintzen errefuxiatuak hartzeko. Espainiako Gobernuari eskatu zion prozesu hori bideratzeko. Ordura arte, erabat aurkakoa zen Madrilen postura: ahalik eta errefuxiatu gutxien hartu nahi zituen.

Zehaztasunik ez dago oraingoz. 66.000 errefuxiatu hartuko ditu Europak aurten —13.000 izango ditu Frantziak, eta 8.000 Espainiak—. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bilera dute astelehenean Espainiako Gobernuarekin. Iruñeko gobernuak jakinarazi du prozedura azkartzeko eskatuko diola Madrili, eta zehaztasunak ere bai: noiz helduko diren, zer laguntza egongo diren eta nolako beharrizanak dauzkaten.

Herritarren eskaintzak

Erakundeek prestatzen jarraitzen dute. Nafarroako Gobernuak hiru etxe prest dauzka; Gurutze Gorriaren esku utziko ditu, hamasei errefuxiatu horiek hartzeko. Osasun eta hezkuntza zerbitzuak ere hitzeman ditu. Herritarren eskaintzak jasotzen ere ari da gobernua. Besteak beste, honako hau eskaini dute: 48 etxe huts, 123 gela eta 42 itzultzaile. Diru laguntzak ere eskaini dituzte herritarrek, eta gobernuak iragarri du errefuxiatuekin lanean ari diren elkarteen esku utziko duela dirua.

Bizkaiko Batzar Nagusiek adierazpen bat onartu zuten atzo. Aldundiari eskatu diote prest dituen baliabideen zerrenda bat egiteko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)