TXIMELETA EFEKTUAREN UHINAK
Bigarren Mundu Gerratik Europak ezagututako errefuxiatu mugimendu handiena da azken urteotakoa. Siriako gerra da errefuxiatu kopurua nabarmen igotzea eragin duen gatazka. Egoeraren erroak, ordea, mende hasieran Mendebaldean hartutako erabakietan bilatu litezke.
Berria, , 20-09-2015Bigarren Mundu Gerratik Europak ezagututako errefuxiatu mugimendu handiena da azken urteotakoa. Uda honetan, bereziki egin da handi, eta EB Europako Batasuneko herrialdeetako iritzi publikoa bat-batean ohartu da zer-nolako tragedia humanitarioa pilatu den Schengen eremuaren mugetan eta Mediterraneo itsasoan. 1990eko hamarkadan Jugoslaviako gerren ondorioz sortutakoaren neurrira ailegatu da krisia, eta Siriako gerra da horren erantzule nagusia. Mende hasieran Mendebaldeko bulego batzuetan hartutako erabakiek tximeleta efektu bat sortu dute, eta errefuxiatuen krisia da tximeletaren hegoek EBrantz itzuli duten uhina.
Jugoslaviako federazioa desegin zuten gerra nagusiek, Kroaziakoak eta Bosnia eta Herzegovinakoak, lau urte iraun zuten. Eurostat EBko estatistika institutuaren arabera, EBk 2014an 626.000 asilo eskaera jaso zituen; horren aitzinetik, 1992an jaso zuen gehien, Kroaziako gerraren bigarren urtean eta Bosnia eta Herzegovinakoaren lehenbizikoan (672.000). Jugoslaviakoa, nahiz eta II. Mundu Gerratik Europan bertan gertatutako gerrarik handiena izan, gatazka nazional klasiko bat izan zen, indar independentista batzuk indar unionisten aurka, gorroto etnikoa tarteko. Independentziaren alde zeuden aldeek irabazi zuten —nazioarteko esku hartze batek lagunduta—, eta estatu berriak sortu ziren.
Huts egindako estatuak
Azken krisia sortu duten gatazkak, ordea, logika geopolitiko konplexuago baten ondorio dira. Anitz ari dira irauten, eta, prebisio nagusien arabera, gehiago iraungo dute, ezaugarri batek kroniko bihurtu baititu: ez dira gerra konbentzionalak, armada erregularrek fronteetan borrokatutakoak; huts egindako estatuak dira. Edo huts eginarazitakoak. Fenomenoa ez da berria. 1990eko hamarkadatik, adibidez, Somalia paratu izan da huts egindako estatu baten eredutzat, eta aurten, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, EBra ailegatutako errefuxiatuen %3 herrialde horretakoak dira. Baina EBri bereziki eragin dio orain, bi arrazoi nagusirengatik: bata, bere mugetatik erlatiboki hurbil dagoen eremu geopolitiko bat paratu delako hankaz goiti —Ekialde Hurbila, eta, bereziki, Siria—; eta bertzea, errefuxiatuak gatazkak pairatzen dituzten ondoko herrialdeek jaso ohi dituztelako, baina orain haiei ere eragin dielako ezegonkortasunak.
Oraingo egoera azaltzeko, mundu osoan ezagun den data bat izan zen erabakigarria: 2001eko irailaren 11. AEBek New Yorken eta Washingtonen jasandako erasoen ondotik, Ekialde Hurbilean esku hartzeko estrategia erasokor bati ekin zioten. Urte berean Afganistan inbaditu zuten, 1970eko hamarkada bukaeratik gerra etengabean zegoen herrialdea. Sobietar Batasunaren inbasio aldian (1979-1989), sei milioi herritarrek ihes egin zuten, nagusiki Pakistanera eta Iranera. 2001ean, herrialde hori erdibituta zegoen: zati gehiena, Kabul hiriburua barne, talibanen muturreko erregimen islamistaren menpe; gainerakoa, Iparraldeko Aliantza izeneko koalizio baten menpe. AEBek talibanen erregimena desegin zuten, eta bertze estatu bat eraikitzeko oinarriak paratu zituzten: gobernu bat, armada bat, Polizia bat… baina talibanak ez ziren desagertu, ezta gutxiago ere. Hamalau urtean gerrilla gerra bortitz bati eutsi diote okupatzaileen eta haiek eratutako erregimenaren aurka. Horren eraginez, Afganistanek estatu ahula eta segurtasun gabezia kronikoa dauzka. Azken hiru hamarkadotan pairatu dituen gerrek eragindako errefuxiatu kopuruarekin konparatuz gero, aurten EBra ailegatu diren afganiarrena hagitz kopuru txikia da UNHCR-ren datuen arabera: 63.000 inguru, guztira ailegatutakoen %14 —herrialdeka, bigarren komunitatea—.
Afganistandik ateratako errefuxiatuek ikaragarri ibilbide luzea egin ohi dute. Iran gurutzatu behar dute lehenik, eta ondoren Ekialde Hurbil osoa, Turkiatik edo Afrika iparraldetik Europara ailegatzeko. Asia erdiko errepublika bat da Afganistan, eta XIX. mendean Erresuma Batuak ere ez zuen lortu kolonizatzea, saiatu bazen ere. Ekialde Hurbileko herrialdeek beti lotura estuagoa izan dute Europarekin, hurbilago izateaz gain, Erresuma Batuaren eta Frantziaren kolonizazioak sakonkiago pairatu zituztelako. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan Irakeko eta Siriako errefuxiatuak ailegatu ziren Europara, Baath alderdiaren erregimenetatik ihesi. Nagusiki Iraketik, bi gerra eta kurduen aurkako genozidio ekintzak gertatu ondoren. Baina errefuxiatuen fluxu haiek tamainan ez dute zerikusirik 2003az geroztik izandakoekin.
Urte horretan AEBek Irak inbaditzea erabaki zuten, 2001eko irailaren 11tik aldarrikatutako terrorismoaren aurkako gerra-rekin justifikatuta. Gaur egun EBn dauden 28 herrialdeetatik, hamabortzek babestu zuten inbasioa: Bulgariak, Danimarkak, Eslovakiak, Espainiak, Erresuma Batuak, Estoniak, Herbehereek, Italiak, Letoniak, Lituaniak, Portugalek eta Txekiak. Gainera, Erresuma Batuak, Espainiak, Poloniak, Portugalek eta Danimarkak tropak bidali zituzten AEBei inbasioa gauzatzen laguntzeko. Gerra horren ondorioak jakinak dira: Irakeko estatua desegin zuten inbasoreek, baina eraiki zuten estatuak hamarkada bat igarota ere ez du lortu herrialde osoan agintea eta egonkortasuna ezartzea. AEBak 2011n erretiratu ziren, baina gerra etengabean murgildua utzi zuten Irak. Eta gerra horrek mutatu egin du, sektarismoan sakondu du, Siriari ere eragin dio, eta Ekialde Hurbila are ezegonkorrago egin duen munstro bat sortu du. Dena den, iritzi guztiak ez datoz bat. Irakeko inbasioaren sustatzaileetako batek, adibidez, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak, iragan ekainean ukatu egin zuen gaur egungo krisia haiek 2003an egindakoaren ondorio dela. Haren ustez, Saddam Hussein boterean utzi izan balute, 2011ko matxinaden ondorioz «okerragoa» zatekeen oraingo egoera.
Inor gutxik eman zion arrazoi Blairri, baina 2011ko matxinadak bertze faktore erabakigarri bat dira oraingo krisia ulertzeko. Tunisian Zine el-Abidine ben Ali eta Egipton Hosni Mubarak boteretik kendu ondotik, Libian ere Muammar Gaddafiren aurka matxinada bat piztu zen. Errebolta hura gerra bilakatu zen, eta, Libiako armada matxinoen gotorlekuaren atarian zegoenean —Bengazi hirian—, Erresuma Batuak, Frantziak eta AEBek esku hartu zuten Gaddafiren aurka. Mendebaldearen laguntzarekin, matxinoek gerra irabazi zuten, baina Iraken gertatu bezala, estatua desegin zen, eta erabateko kaosean utzi dute Libia. Gaddafiren aroko kontrolik ez dagoenez, Afrikatik eta Asiatik ateratako errefuxiatuentzat Mediterraneoa gurutzatzeko portu bihurtu dira Libiako kostak.
Eta Mendebaldea Libian esku hartzen hasi zenean, Sirian ere gerra piztu zen manifestazio eta istilu bortitzeko aste batzuen ondoren. Gobernuak herrialdeko zati zabalen kontrola galdu zuen atzerritik hornitutako matxino taldeen aurka, eta matxinoen artean muturreko islamista sunitak nagusitu ahala, gerra gero eta sektarioagoa eta odoltsuagoa bihurtu zen. 2013tik aitzinera, Estatu Islamikoaren indartzeak are gehiago okertu zuen jada okerra zen egoera. Siriak zeuzkan 22 milioi biztanleetatik, gaur egun lau milioi daude erbesteratuta. Horietako gehienak ondoko herrialdeetan daude, baina etorkizunerako perspektiba ezkorrek EBranzko bidaia arriskutsua egitera bultzatu dituzte.
(Puede haber caducado)