Etorkinak ere iheslari

Berria, Zihara Enbeita, 17-09-2015

Sekulako lana egiten ari diren berriemaile freelanceei esker, errefuxiatuen edo iheslarien egoeraren berri dugu uneoro. Hesiez, mugez, tratu txarrez, borondatezko laguntzaz, istorio txikiez… Herrialde bakoitzak egiten dien harreraz, jasan behar duten umiliazioaz. Trafikatzaileez, eta besteen tragediari esker aberasten ari diren taxiez. Irudi negargarriek hartu gaituzte behin eta berriro. «Zer egin dezakegu?», galdetu diogu geure buruari. Hondartzan hildako mutikoa burutik kendu ezinik gabiltzan artean gerrak aurrera jarraitzen du, fokuetatik at. Fokuak bertan behar lukeenean.

Bat baino gehiago Euskal Herritik ihes egin behar izan zuten familiakoez gogoratu da. Eta orokorrean nola ondo hartuak izan ziren. Gerrako haurrez beteriko itsasontzia Ingalaterrara heltzen ikusi dugu argazki zaharrean, behinola izan ginen errefuxiatuak gogoan.

Batzuek errefuxiatuak zangotrabatzen eta erasotzen dituzten bitartean beste batzuek ongietorria, janaria eta oinetakoak dituzte prest. Gero eta gehiago dira errefuxiatuak hartzeko prest dauden herriak eta herritarrak. Beste herrialde batzuk betoa edota kuotak ezartzen dabiltzan bitartean.

Siriako haurrak «gera ezazue guda, guk ez dugu Europara joan nahi», diotso Budapesteko poliziari. Behin eta berriro ikusi ditugu bonbardatutako herrien argazkiak, etxetik alde egitea justifikatua dutela erakutsiz. Ez dela kapritxoa. Nekatu arte esan digute eta esan dugu ez direla etorkinak, errefuxiatuak direla, eta nago batzuen eskubideak defendatu nahian ez ote gabiltzan besteak zapaltzen. Ohartu gabe zein intentzio osoz. Itsasargiek txalupa batzuk argitzen dituzten bitartean, beste batzuk ez dituztelako sekula argituko.

Errefuxiatu ez diren etorkinak ere ez ahal dira iheslari? Ez al dira politika jakin baten biktima? Gerra orokor baten biktima?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)