Lehen 200 errefuxiatuak urriaren amaieran heltzea espero du Toñak

Sailburuak berretsi du Jaurlaritza prest dagoela behar denean «bat-bateko erantzuna» emateko

Berria, , 17-09-2015

«Beharra dagoenean bat-bateko erantzuna emateko prest gaude». Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak irmo hitz egin du Siriako errefuxiatuak hartzeko aurreratutako lanari buruz. Lehen pertsonak heltzen hasten direnerako EAEko administrazio publikoak «prest» egongo direla iragarri du. Oraindik eguna eta pertsona kopurua zehaztuta ez badaude ere, Toñak jakinarazi du balitekeela lehen berrehun errefuxiatuak urriaren bigarren hamabostaldian heltzea, eskura duen informazioaren arabera.

Toñak Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordea baliatu zuen atzo azken asteetan egindako lanaren berri emateko. Besteak beste, Jaurlaritzaren sailen artean protokolo bateratua lantzen ari dira, helduko diren pertsonen artean «sailkapenik» ez egiteko. Halaber, udalak, aldundiak eta Jaurlaritza bera baliabideen errolda prestatzen ari dira oraindik ere. Egitasmo horiek guztiak amaitu gabe daudela aitortu du Toñak, baina garaia heltzen denerako prest egongo direla nabarmendu du.

Sailburuak zehaztu du eragile bakoitza bere eskumenen barruan ari dela lanean. Hots, Europako Batzordeak kupoak zehaztuko ditu; Espainiako Gobernuak asilatu agiriak banatuko ditu; CEAR, Gurutze Gorriak eta Accem erakundeak arduratuko dira harrera eta jarraipena egiteaz… Aipatu erakundeei behar dituzten baliabideak eskaintzea Eusko Jaurlaritzari dagokiola gaineratu du Toñak, eta berretsi du behar beste baliabide daudela Erkorekak iragarri zituen mila errefuxiatuei laguntza emateko: osasuna, hezkuntza, babes psikologikoa, etxebizitza…

Lehentasunezko traturik ez

Sailburuak, halaber, argitu du zer baldintza bete beharko dituzten udalek errefuxiatuak hartu ahal izateko. Osasun zentroa eta ikastetxe bat izan beharko dute, ezinbestean, errefuxiatuen gutxieneko beharrak ase ahal izateko. Horrez gain, Toñak nabarmendu du harrerarik onena emango zaiela baina, aldi berean, ez zaiela lehentasunezko tratua emango. Besteak beste, azaldu du ez dutela diru sarrerak bermatzeko errentaren araudia aldatuko. «Baldintzak betetzen dituztenean jasoko dute». Aldiz, «premiazko» egoera denez, «ezohiko» laguntza ekonomikoak abiaraziko direla argitu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)