«Elkartasunik eza» zigortzea ez du egoki ikusten Merkelek, oraingoz
Berria, , 16-09-2015Europako Batasuneko Barne ministroek akordiorik gabe amaitu zuten astelehenean Italia, Grezia eta Hungarian asiloa eskatu duten 120.000 iheslari 28 estatu kideen artean banatzeko bilera, eta «elkartasunik eza» diruz zigortzeko aukera aipatu zuen Thomas de Maiziere Alemaniako Barne ministroak, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak aurrez egin zuen gisan.
Ekialdeko herrialdeak izan ziren derrigorrezko kuotak onartzeari uko egin ziotenak, eta, hain justu, Bruselaren egiturazko funtsetatik diru gehien jasotzen dutenak horiexek direla aipatu zuen De Maizierek, alor horretan mozketa batzuk egiteko aukera iradokiz. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, baina, aukera hori oraingoz ez duela beharrezko ikusten nabarmendu zuen gero: «Mehatxuak ez dira akordio batera iristeko modu egokia».
Austriako kantzilerrarekin batera egindako agerraldian, EBko estatu eta gobernuburuen ezohiko goi bilera bat egitea proposatu zuen Merkelek datorren astean, auzia bideratzeko. Ministro arteko hurrengo bilera urriaren 8an egitekoak ziren, baina, errefuxiatuen krisiari erantzuteko, irailaren 22ra aurreratu du Luxenburgok Barne ministroen bilera.
(Puede haber caducado)