JUAN CARLOS MOHR. ERREPORTARI GRAFIKOA

«Hungariak hau guztia Alemania eta Austriaren laguntzarekin egin du»

Roszkeko mugaldean egunak daramatza, Hungaria eta Serbia artean joan-etorrian, handik Europako Batasunera sartzen diren iheslarien artean. Argazkilari eta ekintzaile lanetan ari da.

Berria, Amagoia Iban, 15-09-2015

«Ikaragarria». Beste hitzik ez dauka Europara sartu nahian Roszkeko «kontzentrazio eremuan» pilatutakoen bizipen, kontakizun, estutasun multzoari adjektibo bat jartzeko eskatutakoan. Juan Carlos Mohr kazetari espainiarra iheslarion argazkiak eta bideoak jasotzen ari da azken egunotan. Eta «urduri» dago, «estrainioak» izatea espero baitu Hungariak bere mugak itxi aurreko azken orduak.

Igandean 11.000 iheslari sartu ziren Rozskeko muga alde horretatik. Atzo 20.000-30.000 sartzea aurreikusten zuten…

Gaur [atzo] askoz jende gehiago sartzea aurrikusten da, bai. Ni bart [igande gauean] mugaldean ibili nintzen, eta Serbiako aldetik pasatzeko jende asko ikusten zen. Iheslariek beldur handia daukate. Ez dute nahi eremuetara eraman ditzaten, han hatz markak hartu eta Alemaniara bidaliko dituztelakoan. Askok senideak dituzte Suedian-eta, eta ez dute Alemaniatik pasatu nahi. Egia da, orobat, atzotik denak berdin direla, Dublingo Ituna urratu eta helmuga eta ezer aukeratzen ez dietela utziko ebatzi dutelako Europan.

Beldur itzela daukate. Mugara heltzen direnean, trenbidetik sartzen uzten diete. Hesitu gabeko ehun bat metro dira. Militarrak eta poliziak daude han, eta ondo pasatzen dira. Trenbidetik 400-500 metrora eremu huts bat badago, eta hara eramaten dituzte. Autobusetara igo, herrialdeka sailkatu, eta gune batera edo bestera eramaten dituzte. Igandean jendetza atera zuten bertatik.

Trenbidea al da pasabide bakarra?

Bai, baina batzuek berehala utzi eta alboko artasoroak eta errepideak zeharkatzen dituzte, Poliziaren kontrolpean ez dutelako egon nahi. Poliziak, ordea, taktika aldatu du azken egunotan, eta artasoroetan, errepideetan eta bazter guztietan ikusten duzu. Turruna joz bildu, atxilotu eta errefuxiatu eremuetara eramaten dituzte. Inork ez die ezer esaten, inork ez die laguntzen. Galduta daude. Dirua daukate, benetan, eta ia ezertarako ez die balio.

Giro horretan, pertsona trafikatzaileak ugaldu egin dira.

Bai; lotsagarria da. Roszkeko kontzentrazio eremuaren sarreratik 50 bat metrora —kontzentrazio eremu deitzen diot, toki horrek ez daukalako beste izenik—, kamioilarientzako gasolindegi bat dago, eta han biltzen dira denak. Emakumeak bidaltzen dituzte eremura, iheslariak gasolindegira erakarri eta beldurra sartzeko. Atxilotu egingo dituela esaten diete, eta garraio segurua agintzen. Igandean ikusi nuen 200 euro eskatu zizkiotela bati; 400 ordaindu zuen beste batek bezperan.

Poliziak jakingo du, bada, zer gertatzen den han, ezta?

Jakina. Bertan dago, eta ez du ezer egiten. Igande gauean bertan, trenbideko pasagunera bertara joan ziren mafia guztiak. Orain arte ez ziren haraino joaten, polizia eta militar asko zegoelako. Bart, ordea, han ziren denak. Gu ere han genbiltzan, lanean, eta kamerak ez zituztenez ikusi, geuri hasi zitzaizkigun, Poliziarengandik ihes egiten lagunduko zigutela esaka. Kamerak ikusi zizkigutenean, ziztu batean alde egin zuten. Muga itxi aurreko kondarrak bildu nahian dabiltza, antza.

Kazetari joan, eta boluntario lanetan ari zara. Sare sozialetan egoera ezin gordinagoak azaltzen dituzu. Oraintxe bertan zer zara gehiago, kazetaria ala zer?

Ni ekintzailea naiz. Hemen gertatzen ari dena ahalik eta gehien zabaltzea da nire helburua. Oraintxe esan dit lagun batek emakume batekin egin duela topo, ume txikia besoetan, 5 urteko beste semea galdu duela-eta negar zotinka. Ume asko eta asko dabil ihesean. Ez sinesterainoko kopuruetan. Umeak, turruna entzun orduko, lasterka abiatzen dira, izuak jota. Artasoroetan, eguzki lore artean herioan ikusten dituzu, ihesean. Horrela galtzen dira, eta bazter guztietan egiten duzu topo ume arropa, oinetako, panpinekin. Batzuetan, irudiak hartu ezinda geratzen naiz. Shock-a eragiten dizu hainbesteko doilorkeria eta ezina ikusteak.

Anabasa hutsa da eremua, kiratsa, zikinkeria. Atzo, eremua garbitzen hasi ziren, eta gaur orain arte ikusten utzi ez dizkiguten guneetara sartzen utziko digutela uste dugu, horrexegatik. Gaurkoa zirkua izango da neurri batean, azken eguna delako.

Iheslariek zein informazio daukate hona iristean?

Desinformazio izugarria daukate. Europara iritsita, Roszkeko muga pasatuta, amesgaiztoa amaitu zaiela uste dute, autobusetara igo eta Budapestera eramango dituztela. Batzuek, sare sozial eta Whatsapp bidez lortzen dute aurretik gutxieneko informazioa. Beste batzuek, ordea, ez dute halako informazio iturririk. Serbian horregatik daude gero eta multzo handiagoetan bilduta, izuak jota.

Hemendik aurrera, zer?

Kanpatokia Serbiako aldera pasatu ala ez erabaki beharko dugu kazetari gehienok. Uste dugu asko gogortuko dela egoera hor, hemengo mugak ixtearekin.

Bukatu dira, antza, Hungaria pelikula honetako gaizto ofiziala izateko egunak.

Bai. Ez da ahaztu behar Hungariak hau guztia Alemaniaren eta Austriaren laguntzarekin egin duela. Oso ondo etorri zaie haiei eta beste batzuei Hungariak jokatu duen rol ankerra.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)