ERREFUXIATUEN KRISIA. EUROPAKO BATASUNAREN ERANTZUNA

Iheslarien iritsierari aurre egiteko, mugen kontrolak zorroztu dituzte Europan

Alemaniari jarraikiz, mugan paperak eskatzen hasi dira Austria eta Eslovakia ere. Hungarian gaur sartuko da indarrean immigrazioaren aurkako lege berria

Berria, Xabin Makazaga, 15-09-2015

Kaiola itxi bat da Europako Batasuna barrura sartu nahi duten iheslari eta migratzaile gehienentzat, eta kaiola barruan ere ateak jartzen hasi dira estatu kideak, gerratik eta gosetetik ihesi EBren kanpo mugak gainditu dituzten pertsonen iritsierari aurre egiteko. Hamar egun iraun du Alemaniak sustatutako ate irekien politikak. Angela Merkelen gobernua, izan ere, «segurtasun eta logistika arrazoiengatik», Austriarekiko mugan kontrolak ezartzen hasi zen igandean. Berandu gabe, Berlinen bideari jarraitu diote Austriak eta Eslovakiak; Polonia eta Txekia ere bide bera hartzekoak dira, eta Belgikak ez du baztertzen behin-behinean muga ixtea, «iheslari uholde bat» iritsiz gero. Hungarian gaur sartuko da indarrean paperik gabe herrialdean sartzea bost urte arteko espetxearekin zigortuko duen legedia, eta iparraldera bidean inoiz baino jende gehiago pilatu zen atzo Baltikoko igarobidean.

Iragan astean abegikor agertu zen Alemania —500.000 iheslari hartzeko prest agertu eta 6.000 milioi agindu zituen haien premiei erantzuteko—, baina azkar aldatu du pausoa Angela Merkel kantzilerraren gobernuak. CSU koaliziokidea eta Bavariako Gobernua izan ziren iheslariei muga irekitzea gogorren kritikatu zutenak, eta igandean Austriarekiko mugan kontrolak ezartzen hasi zen Alemania. 2.100 polizia paperak eskatzen hasi zaizkie muga igaro nahi duten iheslariei, eta nortasun agiririk edo bisarik ez dutenei ez diete utziko Alemaniara sartzen. Mugako kontrolek «sistema osoari ordena» emango diotela esan zuen atzo Horst Seehofer Bavariako gobernuburuak.

Alemaniako Gobernuaren erabakia argiki nabaritu zen atzo bertan, Austriako mugaldean iheslariak pilatuz joan baitziren, Munich aldera igarotzeko jarritako trabengatik.

Schengeneko Itunak soilik aldez aurretik prestatutako ekitaldi handien segurtasun aitzakian eta ustekabeko larrialdi egoeretan baimentzen du eremuko estaturen batek kontrolak ezartzea bere mugetan, eta, berez, migratzaileen jarioa ez dela horretarako arrazoi argudiatu du Europako Batzordeak. Baina, iheslarien kopurua aintzat hartuta —egun bakarrean 40.000 ere iritsi dira—, Alemaniak kontrolak ezartzea «proportziozkoa» dela nabarmendu dute Europako Batzordeko iturriek.

Austriako mugan, militarrak

Mediterraneo itsasoko eta Turkiako zeharkaldia egin eta gero, ondoren Grezia, Mazedonia eta Serbia igarota, egunero milaka iheslari ari dira iristen Hungariara. Handik Austriako muga pasatu eta Alemaniara edo Suediara iritsi nahi dute gehienek, baina, hamar eguneko ate irekien politikaren ostean, gero eta zailagoa ari zaie egiten helmugara iristea. Hungariako eta Austriako mugaldean, Nickelsdorfeko pasagunean, atzo arratsalderako 9.000 iheslari pilatu ziren. Eta egun osoan Hungariatik Austriarako bidea 25.000 iheslarik baino gehiagok egingo zutela espero zuten. Igandean 16.600 izan ziren. Autobusetan edo trenetan Alemaniarako bidea hartu asmo zuten gehienek.

Austriako Gobernuak, Alemaniaren bideari jarraikiz, Hungariarekiko mugan kontrolak ezartzea erabaki zuen atzo. Goizean muga itxi ere egin zuen une batez Nickelsdorfeko pasagunean, eta armada federaleko 2.200 soldadu bidali dituzte Poliziari ikuskatze lanetan laguntzeko. Atzo Werner Faymann Austriako kantzilerrak esan zuenez, errefuxiatuak kontrolatzea bai, baina haiei giza laguntza ematea ere izango da segurtasun indarren zeregina.

Hungaria hasi da bidea ixten

Errefuxiatuen krisiari aurre egiteko, Hungariak 175 kilometroko bundinsarea jarri zuen Serbiako muga osoa ixteko, eta beste harresi batekin indartu nahi du oztopo hori. Izan ere, iheslariek zulatu egin dute burdin sarea pasagune askotan, eta igandean, esaterako, 5.800 errefuxiatu baino gehiago sartu ziren herrialdean. Gaur sartuko da indarrean migrazioari aurre egiteko legedi berria, eta atzo jada iheslariei bidea ixten hasi zen Polizia: giza hesiak antolatu eta burdin sarea zulatuta zegoen guneetan pasabidea oztopatzen hasi ziren. Poliziak iheslari taldeei Hungarian sartzea galarazi zien, eta Serbiara bueltan bidali zituzten. Ofizial batek baieztatu zuen mugan bertan aurrerantzean ez dutela paperik gabeko migratzailerik pasatzen utziko.

Aurrez Serbiatik Hungariara sartzea lortu zuten iheslariak, berriz, zuzenean Austriako mugara eramaten hasi direla jakinarazi zuen atzo UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzako iturri batek. Roszkeko pasabidera iristen diren iheslariak erregistrorik hartu gabe autobusetan herriko tren geltokiraino eraman eta handik Austriako mugara bidaltzen ari direla baieztatu zuen MTI agentziak. Orain arte errefuxiatuen kanpalekuetara eramaten zituzten, Roszken.

Viktor Orban Hungariako lehen ministroak Europako Batasuneko agintarien kritika gogorrak jaso ditu aspaldian, bere herrialdea iheslariei ematen ari zaien tratu gizagabeagatik. Atzo, hegoaldeko muga zaintzeko kargua hartu zuten 860 poliziaren aurrean, Hungariak bere bizitzeko modua defenditu behar duela esan zuen: «Hungariak bere herritarrak babesteko eskubidea dauka».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)