KULTUR ANIZTASUNA
Gaur zortzi egingo dute 11 Kolore Fest jaialdia Iruñean, bigarrenez
Berria, , 12-09-2015Euskal Herriko kultur aniztasuna besta giroan aldarrikatuko du EH 11 Kolore taldeak. Ijitoen komunitateari egingo dieten omenaldia eta errefuxiatuentzat prestatutako ongi etorria dira aurtengo jaialdiaren zutabeak. Kolorez eta danbor hotsez beteko dira astebete barru Iruñeko karrikak. 11 Kolore Fest jaialdia atondu du bigarrenez EH 11 Kolore taldeak, eta Nafarroako hiriburua hamaika jatorritako herritarren bilgune bihurtuko da. Aurten, ijito herriko hainbat ordezkarik jaurtiko dute txupinazoa —18:30ean, Udaletxe plazatik—, eta Ekialde Hurbileko gatazketatik ihesi Europara iristen ari direnak ere hartuko dituzte gogoan.
Ohi bezala, 11 Danbor Martxa izango da jaialdiko ekitaldi nagusia; txupinazoa bota ondoren abiatuko da. Kalejira koloretsu horrek aldarrikapenez eta zalapartaz josita zeharkatuko du Iruñeko Alde Zaharra. Bidean, bi geldialdi egingo ditu: bata, San Frantzisko plazan; bestea, Gaztelu plazan. Eta kultur aniztasunaren aldeko aldarria egingo du karriketan.
Goizean, ordea, izango da zerekin gozatua, aurten ere 11 Danbor Martxa txikia antolatu baitute, umeen gozamenerako. Haurren kalejira 11:30ean irtengo da Udaletxe plazatik, eta, alde zaharra hainbat batukada talderekin zeharkatu ostean, Paris 365 elkartearen egoitzan bukatuko da martxa. Han, Zirika Zirkus taldeko pailazoak gidatuko ditu umeak, zanpantzar, dantzari eta erraldoi txikien laguntzarekin.
Gastronomia anitzen jai, berritasun gisa
Santa Ana plazan, berriz, aniztasun gastronomikoaren jaia egingo dute aurrenekoz. Hainbat herri eta kulturetako ohituretan oinarritutako jakiak dastatu ahal izango dira, 13:00etatik 17:30era eta 20:30etik 22:30era. Besteak beste, Ekuador, Kolonbia, Bolivia, Venezuela, Argentina eta Galiziako gastronomiari egingo diote tokia. Gainera, musika eta dantza emanaldiak ikusteko parada ere egongo da.
(Puede haber caducado)