Betebehar morala
Berria, , 10-09-2015Hasi da Europako Batasuna mugitzen edo mugitzen ari den itxura egiten, inprobisaziotik —errepresioa eta arazoa kanporatzea kasu gehienetan— migrazio eta asilo politika egonkorretara eta eraginkorretara pasatzeko asmoz. Hitzetan bederen. Horren erakusgarri da, neurri batean, Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearen atzoko hitzaldia Europako Parlamentuan: errefuxiatuak jasotzeko sistema automatikoa eta egonkorra, errefuxiatuei lan egiteko aukera eskaintzea, immigrazioa legeztatzeko egitasmoa… Baina Junckerrenak hitzak dira. Ikusi besterik ez dago Europako Batasuneko agintari gehienek, Europa ekialdekoek batez ere, zer erantzun dioten proposatutako kuotei eta proposatutako gainerako neurriei: ez daudela prest. Onartu beharra dago errefuxiatuen krisian Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, herritar gehienek deabrutua, izan dela Europako Batasuneko agintari arduratsuena.
Junckerrek agintarien betebehar morala aipatu zuen atzoko hitzaldian, agintariak errefuxiatuei laguntzeko premiaz kontzientziarazteko. Betebehar morala? Hori ere bai. Kontua da orain betebehar morala aipatzen duten horiexek izan direla krisiaren urteetan herritarrak estutu, ito eta bide bazterrean utzi dituztenak, eta Siriako herritarrak babesik gabe utzi dituztenak, inolako eragozpen moralik gabe.
(Puede haber caducado)