ERREFUXIATUEN KRISIA. EBREN PROPOSAMENA
Zenbaki dantza adabaki baterako
EBk beste 120.000 errefuxiatu kuota bidez banatzea eskatu die kideei, hurrengo bi urteetan guztira 160.000 hartzeko. Aurten dagoeneko 500.000 lagun sartu dira batasunean
Berria, , 10-09-2015Fronte asko ditu irekiak EB Europako Batasunak, baina errefuxiatuen krisiak Greziatik eta Ukrainatik baztertu du arreta. Esku artean lehertu zaio afera Europari, eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak batasunaren egoerari buruz eginiko lehen hitzaldiaren ardatza izan da. Neurri sorta bat proposatu du Junckerrek, Europako ateetara ailegatutako milaka eta milaka lagunen egoera arintzeko. EBko herrialdeei beste 120.000 iheslari hartzeko eskatu die, eta derrigorrezko kuota bidez banatzeko. Aurretik iragarritako 40.000 horiei batuta, guztira 160.000 iheslari hartuko lituzke hurrengo bi urteetan Europak. Astelehenean bilduko dira 28 herrialdeetako Barne ministroak, proposamenari buruz eztabaidatzeko.
Unean uneko giza krisia arintzeko baliogarria da Bruselak proposatutako kopurua, Italian, Grezian eta Hungarian dauden errefuxiatuak EBn barrena kokatuko dituztelako, 16.600, 50.400 eta 54.000, hurrenez hurren. Baina motz geratzen da. Europako Batzordearen datuen arabera, egun hiru herrialde horietan dauden migratzaileen %36 baino ez dira. Junckerrek berak esana du urtea hasi zenetik 500.000 lagun sartu direla EBn.
Errefuxiatuak banatzeko «sistema iraunkor bat» ezarri nahi du Bruselak, mugaldeko herrialderen batek «migrazio presioa» jasoz gero aktibatzeko. Derrigorrezkoa izango da sistema hori, Irlandarentzat, Erresuma Batuarentzat eta Danimarkarentzat izan ezik, tratatuen bidez Barne eta Justizia sailetan salbuetsita daudelako. Arrazoi justifikatua denean soilik gera liteke herrialde bat mekanismotik kanpo, hondamendi natural batengatik, kasurako. Bruselak izango du hori ebazteko azken hitza, eta trukean herrialdeak EBri kuota bat ordaindu beharko dio, dirutan.
EBk 780 milioi euro jarriko ditu iheslariak hartzeko, eta bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu. Bruselak «lehen egunetik» lan egin dezaten nahi du, gizartean azkarrago integratzeko, eta herrialdeei eskatu die horretarako beharrezko diren legeak aldatzeko.
Neurri murriztaileekin jantzi du Junckerrek «elkartasun eskaera», errefuxiatu estatusa ez duten migratzaileak kanporatzeko neurriak gogortu nahi baititu. «Europak ezin du mundu guztia hartu. Ezin du mundu guztiko miseriatik babestu». Kanporatzeko agindua betearazteko, migratzaileak atxilotzearen alde egin du. Horrez gain, Frontex mugak zaintzeko erakundea indartu nahi du.
Asilo eskaerak hartzeko prozedurak «sinpletu» nahi ditu Junckerrek, eta, horretarako, «herrialde seguruen» zerrenda bateratu bat egitea proposatu du. Halere, Bruselak ohartarazi du aintzat hartuko dituela herrialde horietako asilo eskaerak. EBn sartzeko prozesuan dauden herrialdeak egongo lirateke izendapen horren barruan; besteak beste, Turkia, Kosovo, Serbia, Albania, Mazedonia, Montenegro eta Bosnia-Herzegovina. Hain zuzen ere, Kosovoko herritarrak dira aurtengo lehen hiru hilabeteetan EBn asilo eskaera gehien egindakoak.
Horrez gain, arazoaren erroak bideratzeko neurriak ere jasotzen ditu Bruselaren testuak. 1.800 milioi euroko funts bat sortuko dute, Afrikako hainbat eremutako «ezegonkortasunaren kausei» aurre egiteko, eta Libian eta Sirian «erasoaldi diplomatikoa» hasiko dute.
Dena den, lanak izango ditu Junckerrek kuota bidezko derrigorrezko sistema EBko kide guztiei inposatzeko, batez ere ekialdekoei. BPGaren, biztanleriaren, langabezia tasaren eta aurretik hartutako errefuxiatu kopuruaren araberakoa izango da kuota. Alemania eta Frantzia izan dira mekanismo horren bultzatzaileak, eta beren artean banatuko dituzte 160.000 errefuxiatu gehienak. Berlinek 40.000tik gora hartuko ditu, eta Parisek, 30.000 bat. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak jarrera aktiboa erakutsi du krisian, eta beste herrialdeak estutu ditu banaketan parte hartu dezaten. «Mundua guri begira ari da. Europak huts egiten badu, giza eskubide unibertsalei uko egiten badio, ez da guk amestutako Europa izango». 800.000 asilo eskatzaile hartzeko prest agertu da Berlin.
Espainiak uzkur jokatu du hasieran, baina azkenean jarrera leundu du, eta Bruselaren proposamenak onartuko ditu; ia 20.000 iheslari hartuko lituzke. Hiru herrialde horien artean jasoko lukete Junckerrek proposatutako kopuruaren %60.
Ekialdeko herrialdeetatik, Poloniak jasoko lituzke iheslari gehien, 12.000 inguru. Edonola ere, Ewa Kopacz lehen ministroak jarritako 2.000ko langatik urrun legoke kopuru hori. Kopaczek «beste ahalegin bat» hitzeman arren, ez du orain arte nahitaezko mekanismoa onartu.
Ekialdeko herrialdeek errefuxiatu gutxiago jasoko lituzkete proportzioan. Bruselak proposamena onartzeko eginiko keinua da, hasieratik derrigorrezko sistemaren aurka lerratu baitira, eta agerikoa egin da Europan ekialdearen eta mendebaldearen arteko zatiketa. Txekiak, Errumaniak, Eslovakiak, Poloniak eta Hungariak osatzen dute ekialdeko blokea. Errefuxiatuak hartzea baztertzen badute isunak jartzeko aukera ari da aztertzen Brusela. Werner Faymann Austriako kantzilerraren arabera, ekialdeko estatuek «zama partekatu ezean» EBk haien garapenerako finantza laguntza berrikusiko du.
Europaren iragan hurbila
EBko proiektua ezbaian jarri du errefuxiatuen krisiak, hura sortu zuteneko balioekin batera. Izan ere, Junckerrek behin eta berriz jo du printzipio horietara, eta kontinenteko iragan hurbila gogorarazi du. Beldurra hitza ere aipatu du, kanpotarrekiko izu hori baliatzen baitute Europan eskuin muturreko mugimenduek. Europa txikitu zuten bi mundu gerrek inoizko errefuxiatu gehien sortu zituzten, 60 milioi baino gehiago. Egun Europako ateetan daudenak, ordea, biztanleriaren %0,11 baino ez dira, Junckerren esanetan. «Ez da beldurra izateko garaia, ekitekoa baizik» .
Europako diktadura faxistak eta komunistak ere aipatu ditu, eta ekialdeko herrialdeei erreferentzia berezia egin die: «Txekia eta Eslovakiako herritarrek ihes egin behar izan zuten 1968ko Pragako Udaberriaren ondoko jazarpenetik». Haren arabera, europarrek ez lukete sekula ahaztu behar asiloa oinarrizko eskubidea dela. «Batasunean ez dago Europa nahikorik, eta Europan ez dago batasun nahikorik».
(Puede haber caducado)