Errefuxiatuei euskara ere emateko eskatu die Uemak udalerriei
Berria, , 10-09-2015«Udalerri euskaldunak garen heinean, gure esku dago etorri berriei hizkuntza ere ematea, elikagaiekin, arropekin eta aterpearekin batera». Maren Belastegi Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak hizkuntza ere aintzat hartzea galdegin die udalerriei. Euskara ematea harrera onaren seinale dela gaineratu du Belastegik. «Modu ederra da beso zabalik hartzen ditugula erakusteko».
Hizkuntza beste oinarrizko baliabideekin batera eman dadin, zenbait iradokizun ere egin ditu Uemak. Lehenik eta behin, erakunde publikoek jarriko duten laguntza euskara ikasteko ere izan dadin bermatzeko eskatu die udalerriei. Bigarrenik, iradoki du errefuxiatuei jakinaraztea euskara ikasteak garrantzia duela herrietan errotzeko.
Euskalduntzea ahalbidetzeko, eskolatuko diren haur eta gazteei errefortzuko euskara eskolak ematea proposatu du Belastegik. Helduen kasuan, doako euskalduntzea bermatzearen alde egin du, behar izanez gero «berariaz salbuespen neurriak» onartuta. Hori errazteko, aurrez euskaltegiekin lanerako protokoloak zehaztea proposatu du.
(Puede haber caducado)