ERREFUXIATUEN KRISIA. EUSKAL ERAKUNDEEN ERANTZUNA

Hego Euskal Herriak Siriako 1.200 errefuxiatu hartuko ditu

Heldutakoak «arazorik gabe» hartzeko behar beste baliabide publiko daudela adierazi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeek

Berria, Maddi Ane Txoperena Iribarren- Jon Rejado, 10-09-2015

Siriako 1.200 errefuxiatu inguru hartuko ditu Hego Euskal Herriak. Administrazio publikoek jakinarazitako behin-behineko datuen arabera, Nafarroak 200 inguru hartuko ditu; Bizkaiak, 520; Gipuzkoak, 330; eta Arabak, 150. Edonola ere, datu horiek behin-behinekoak eta aldakorrak direla nabarmendu dute bai Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta bai Miguel Laparra Nafarroako Gizarte Gaietarako presidenteordeak. «Espainiako Gobernuak ez ditu erkidegoak aintzat hartu egoera kudeatzeko», salatu du Laparrak.

Erkorekak iragarri du aldaketak gerta daitezkeela aurreikusitako kopuruan, baina, edonola ere, gaineratu du EAEko erakunde publiko guztiek ideia bera dutela: «Helduko diren pertsonak hartzeko moduan gaude, arazorik gabe, zerbitzu publikoetan eragin gabe».

Eusko Jaurlaritza, hiru foru aldundiak, Eudel eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletako ordezkariak bildu ziren errefuxiatuen gaiari heltzeko, atzo. Bilera horretan, zenbait lan ildo abiaraztea adostu zuten, egoerari baliabide publikoekin aurre egiteko. Lehenik, batzorde eragile bat sortu dute, bileran egondako erakundeen ordezkariekin. Horrez gain, erakunde bakoitzaren baliabideen errolda bateratua egiteko oinarria ezarri dute, baita gizartean sentsibilizazio lana egiteko ildoak zehaztu ere.

Nafarroako Gobernua ere lanean hasi da, egoerari aurrea hartzeko. Atzo arratsaldean, zenbait gizarte eragilerekin bildu zen.

Iparraldean, borondatea

Azken asteotan errefuxiatuei harrera egin nahi dieten udalerrien artean sartu dira Ipar Euskal Herriko zenbait herri. Hendaia (Lapurdi) eta Atharratze (Zuberoa) izan ziren lehenetarikoak: bi herrietako auzapezek adierazi zuten errefuxiatuak hartzeko prest zeudela. Lapurdiko bertze hiru herri batu zaizkie zerrendara berriki: Miarritze, Bokale eta Donibane Lohizune. Azken bi herri horietako alkateek oposizioak egindako presioagatik erakutsi dute errefuxiatuak hartzeko prestasuna. Izan ere, gutun bana igorri diete oposizioko hautetsiek, gaiari buruz zein iritzi duten galdetzeko, eta haiek «elkartasunez» erantzun diete.

Nolanahi ere, herriko etxeek ez dute zehaztu ez zenbat pertsona hartzeko prest diren, ez nola aterpetuko dituzten ere. Frantziak 24.000 errefuxiatu hartuko zituela iragarri zuen astelehenean, hain zuzen, eta lehenbiziko urrats gisa Paris inguruan behin-behineko hamar gune irekiko dituztela erran du Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak. Heldu den larunbaterako bilkura batera deitu ditu harrera egiteko prest dauden auzapezak, eta hortik landa hasiko lirateke antolatzen. Ikusteko dago Ipar Euskal Herrian nola kudeatuko duten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)