Frantzia eta Erresuma Batua prest daude Siriako gerran militarki esku hartzeko

Parisek eta Londresek errefuxiatuen krisiarekin lotu dute esku hartzeko beharra. Frantziak boteretik at ikusi nahi du Baxar al-Assad Siriako presidentea

Berria, Mikel Rodriguez, 08-09-2015

Frantziak eta Erresuma Batuak adierazi dute prest daudela Siriako gerran militarki esku hartzeko. Londresek, gainera, bonbardaketa bat egina duela jakinarazi du. Europara datozen errefuxiatuen krisiari eman beharreko erantzunen artean paratu dute bi herrialdeek gatazka horretan gehiago esku hartzeko asmoa. François Hollande Frantziako presidenteak eta David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak esandakoaren arabera, EI Estatu Islamikoaren aurkako bonbardaketetan parte hartzea litzateke asmoa, AEBek zuzentzen duten koalizioarekin batera. Baina Hollandek berriz ere argi erran du Baxar al-Assad Siriako presidentea boteretik kendu behar dela. «Al-Assad indartu edo manten dezakeen deus ez da egin behar».

Duela urtebete osatu zuten AEBek EIren aurkako koalizioa. Frantzia eta Erresuma Batua koalizioko kide dira, baina orain arte soilik Iraken egin dituzte bonbardaketak. Uda honetan errefuxiatuekin sortutako krisiak ondoriotzat utz lezake Europa zuzenean sartzea gerra horretan. «Nire ardura da gure herrialdearentzat ahal den informazio gehien biltzea mehatxuen inguruan», adierazi du Hollandek, Eliseo jauregian emandako prentsaurrekoan. «Horregatik, Defentsa Ministerioari agindu diot bihartik [gaurtik] aitzinera informazioa biltzeko hegaldiak egitea Sirian, Estatu islamikoaren aurka aire erasoak egitea azter dezagun». Gaur egun, Malin eta Afrika Erdiko Errepublikan esku hartzen ari da Frantzia, baina, herrialde horietan ez bezala, Hollandek erran du Siriara ez dituela lurreko tropak bidaliko. «Iraken irakiarrei dagokie [lurrean borrokatzea], eta Sirian, matxinoei eta Ekialde Hurbileko indarrei».

Erresuma Batuaren erasoa

Erresuma Batuko Gobernuan ere gero eta gehiago ari dira eskatzen Sirian esku hartze militar bat egitea, hori lagungarri izanen delakoan, bertzeak bertze, herritarren Europaranzko exodoa gelditzeko. Frantziako presidenteak ez bezala, ordea, David Cameron lehen ministroak parlamentuaren babesa behar du halako interbentzio bat agintzeko. Alderdi Kontserbadoreak gehiengo osoa dauka parlamentuan, baina duela egun batzuk Cameronek erran zuen «urrutiago» joanen zela soilik «egiazko kontsentsu bat balego Erresuma Batuan».

Hala ere, atzo parlamentuan jakinarazi zuen aireko armadaren hegazkinek egina dutela bonbardaketa bat Sirian. Duela bi aste izan zen, eta, Cameronek errandakoaren arabera, EIko hiru kide hil zituzten, horien artean 21 urteko gizonezko galestar bat eta 26 urteko bertze gizonezko eskoziar bat. Lehen ministroak azaldutakoaren arabera, piloturik gabeko hegazkin batekin egin zuten erasoa, eta Erresuma Batuko herritar horiek hiltzea zen helburua, jatorrizko herrialdean erasoak egiteko asmoa zutelakoan. Lehen ministroak ez du erran bonbardaketa hori kanpainaren baten hasiera denik, eta Erresuma Batuan eztabaida sortu du estatuak bere herritar batzuk hiltzea agindu izanak.

Frantziak hasieratik esan du Al-Assad agintetik kendu beharko litzatekeela, eta AEBen jarrera ofiziala ere hori da. Horregatik, Siriako gerraren korapiloetako bat da nazioarteko koalizioak EIren aurka egin ahala zer eginen duen Siriako Gobernuarekin, luzera begira zaila baitirudi bi aldeek eustea EIren aurkako itxurazko borroka paralelo horri. Errusia da Siriaren aliatu handiena, eta, Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez, AEBek berriki «kezka» agertu diote, Moskuk Damaskori laguntza militarra handitu diolakoan. «Errusiak ez du inoiz gorde Siriako agintariei laguntza militarra ematen diela terrorismoaren aurka borrokatzeko», adierazi du Maria Zakharova bozeramaileak. Al-Assadi dagokionez, Espainiak EB Europako Batasunean ohikoa ez den jarrera agertu du, Jose Garcia-Margallo presidenteak adierazi baitu Siriako presidentearekin negoziatu beharko lukeela Mendebaldeak, «terrorismo jihadistaren aitzinatzea» gelditzeko. «Gustatu ala ez, NBEko Batzar Orokorrean jartzen den gobernua da». Iranen egin ditu adierazpen horiek. Sustapen eta Industria ministroekin batera joan da, herrialde horretan negoziorako aukerak aztertzeko.

44.000 hartzeko prest

Plan militarrez gain, Frantziak eta Erresuma Batuak errefuxiatuak hartzeko asmoa ere badute. Hollandek adierazi duenez, Europako Batzordeak proposatutako 120.000 babes eskari horietatik, 24.000 hartzeko prest daude. Erresuma Batuak ez du EBren banaketan parte hartzeko betebeharrik, Schengen eremuan ez dagoelako. Cameronek erran du Siriako 20.000 errefuxiatu hartuko dituztela, baina Siriaren ondoko herrialdeetan dauden kanpalekuetakoak izanen dira, ez Europara ihesi etorritakoak. EBren arabera, aurten 300.000 errefuxiatu inguru iritsi dira Europara.

Babes eskariak aipatzerakoan, EBko agintariak Siriako herritarrez ari dira nagusiki. Baina dozenaka milaka errefuxiaturen artean bertze herrialde batzuetako gerretatik ihesi joandakoak ere badaude, eta baita gerran ez baina pobrezian dauden herrialdeetakoak ere. Alemaniak, adibidez, handitu egin du «seguru» izendatutako herrialdeen zerrenda —Kosovo, Albania eta Montenegro sartu ditu—, toki horietako migratzaileak ez hartzeko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)