Zehazten hasi dira errefuxiatuei zer harrera mota emango zaien

Jaurlaritzak, diputazioek eta udalek protokoloa adosteko bilera bat dute bihar. Espainiari jarrera aldatzeko eskatu diote erakunde batzuek

Berria, Ibai Maruri Bilbo, 08-09-2015

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bilera dute gaur Espainiako Gobernuarekin, Europara iristen ari diren errefuxiatuen auziari zein erantzun eman adosteko. Madrilen elkartuko dira, gainontzeko autonomia erkidegoetako ordezkariekin batera. Ez dago argi gaur zehaztuko den Hego Euskal Herriak zenbat errefuxiatu hartu beharko dituen; bestela, hurrengo egunetan egingo diren antzeko bileretan erabakiko da. Bien bitartean, euskal erakundeak adierazpen instituzionalak onartzen eta protokoloak prestatzen ari dira.

Kasurako, Eusko Jaurlaritzak atzo arratsaldean onartu zuen berea. Bihar egingo du bilera hiru foru aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta Eudelekin, erakundeen arteko lana hitzartzeko. Besteak beste, eskualde eta udalerri bakoitzak zenbat errefuxiatu hartuko dituen erabakiko dute, dagoeneko Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak zenbat jasoko dituzten jakingo balitz. Era berean, harrera azpiegituren mapa osatuko dute, egoera ezagutzeko.

Bereziki, errefuxiatuak iristean jarraitu beharreko protokoloa adostu nahi dute. Horretarako, eskaini beharko diren zerbitzuak zeintzuk izango diren finkatu dituzte atzoko bileran: hasierako harrera lekua izango dute, azterketa medikoa eskainiko zaie, oinarrizko mantentze eta arropa zerbitzuak eratuko dira, laguntza psikologikoa izango dute, eta eskolatzeko premiak aztertuko dira. Etzi, berriz, errefuxiatuekin behar egiten duten gobernuz kanpoko erakundeak deitu dituzte Jaurlaritzaren egoitzara.

Nafarroako Gobernua ere antzeko plan bat osatzen dabil. Atzo Nafarroako Parlamentuaren babesa jaso zuen. Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bi onartu zituen asmo horrekin: bata, PSNrena; bestea, gobernua sostengatzen duten alderdiena. Bide batez, Espainiako Gobernuari eskaera argia egin zioten: orain arte aipatutako kopuruak «zuzendu» eta ahalik eta asilo eskatzaile gehien onar ditzala. Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak atzo adierazi zuenez, bere gobernua 15.000 onartzeko prest dago.

Harrera, izendapenik gabe

Bilboko Udaleko alderdiek ere adierazpen bat adostu zuten atzo. Espainiari antzeko eskaera bat egin diote. Hiria errefuxiatuak jasotzeko prest dagoela eta beste erakundeekin lan egingo dutela dio agiriak. Baliabideen inbentarioa egingo dute, Jaurlaritzaren esku uzteko asmoz. Alderdi guztiek babestu arren, EH Bilduk eta Udalberrik protesta egin zuten. Batetik, gainontzeko alderdiek ez dutelako onartu Bilbo harrera hiri izendatzea. «Aldaketaren udalek sustatu dute mugimendua, Bartzelona hasita, eta haiekiko distantzia markatzeko egin dute», salatu zuen EH Bilduko Aitziber Ibaibarriagak. Bereziki, sozialistek jaso dituzte kritikak, harrera hirien alde agertu direlako beste leku batzuetan. Bestetik, Europak Ekialde Hurbileko gerretan duen erantzukizuna ere sartu nahi izan dute agirian, baina ez diete utzi.

Gasteizen, udaleko Bozeramaileen Batzordean guztiek agiri bateratua idazteko konpromisoa hartu dute. Getxon (Bizkaia), berriz, Eusko Jaurlaritzarekin lan egitea adostu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)