Errefuxiatuen krisia
NBEk ohartarazi du 200.000 iheslari hartu behar dituela Europak
Berria, , 04-09-2015Erresuma Batuak iragarri du 4.000 iheslari hartzeko prest dagoela, baina zuzenean Siriako errefuxiatu guneetatik ekarriko ditu. Bruselak iragarri du EBko estatuak hilabete bukaeran hasiko direla Greziara heldurako errefuxiatuak hartzen. Europako Batasunak 40.000tik 100.000ra igo zuen atzo hartzeko prest dagoen iheslarien kopurua. Baina Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du hori ere ez dela aski izango krisiari aurre egiteko. Haren arabera, gutxienez 200.000 laguni eman beharko dio aterpe Europak. “Atariko ikerketa baten arabera, errefuxiatuentzako tokiak bikoiztu egin beharko dira”.
Bide batez, NBEko Errefuxatuentzako goi ordezkari Antonio Guterresek nabarmendu du EBko estatuek “derrigorrez” hartu behar dituztela iheslariak: “Elkartasunak ezin du izan EBko kide gutxi batzuen erantzukizuna”. Dena den, estatu kideen jarrerak ez du Guterres harritu, izan ere, eta haren esanetan, sistema bera da “desorekatua” dagoena.
Bere aldetik, Europako Batasunak iragarri du Italia, Grezia eta Hungarian dauden 120.000 errefuxiatu hartzeko eskatuko diela estatu kideei. Bruselak iragarri du hilabete bukaerarako hasiko direla iheslariak lekualdatzen.
Bitartean, tragediak ez du etenik. Migratzaileentzako Nazioarteko Erakundeak jakitera eman duenez, 40 eta 50 iheslari artean desagertu dira gaur Libiako kostaldean.
Elkartasun oldea
NBEren deiari erantzunez, Erresuma Batuko lehen ministro David Cameronek iragarri du beste 4.000 iheslari siriar hartzeko prest dagoela herrialdea. Baina zehaztu du Siriako errefuxiatu guneetan daudenak hartuko dituztela, eta ez itsasoz paprik gabe sartzen direnak. Cameronen esanetan, era horretan “bidaia segurua” bermatuko diete etorkinei, “beren biziak arriskatu beharrik gabe”
Euskal Herrian hainbat udal, gobernu eta instituziorekin bat egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta iragarri du Hondarribian eta Zarautzen dituen aterpeetan 80 plaza gordeko dituela errefuxiatuentzat. Horretaz gain, telefono zenbaki bat ere jarri du martxan iheslariak jasotzeko prest dauden familiei jarraitu beharreko pausoak argitzeko.
Gipuzkoako diputazioak baino lehen Bartzelonako alkate Ada Colauk martxan jarritako babes sarearekin bate gin dute, besteak beste, Nafarroako Gobernuak, Iruñeak, Gasteizek, Donostiak, Eibarrek eta beste hainbat udal eta instituziok.
Hungaria ez da bakarra
Hungaria ez dator bat, ordea, NBEk eta Bruselak bultzatu asmo duten kuota sistemarekin. Errefuxiatuen aurkako neurri zorrotzak bultzatzeaz gain, Hungariako presidente Viktor Orbanek adierazi du iheslariak Europan sartzen jarraitzen badute hungariarrak “gutxiengo” izango direla “euren herrialdean”. Hain zuzen ere Parlamentuak gaur bertan onartu ditu herrialdean paperik gabe sartzea zigortzen duten hainbat neurri, besteak beste, iheslarientzako espetxe zigorrak.
Bestalde, zenbait albiste agentziek zabaldu dutenez, Hungariak eta Bulgariak Israelek Gaza inguruan eraikitakoaren antzeko hesiak egin asmo dituzte beren mugetan, iheslariak sar ez daitezen. Helburu horrekin informazioa eskatu diote Tel Aviveko gobernuari.
Bitartean, eta Budapesteko tren geltoki nagusiak itxita jarraitzen duela ikusita, ehunka errfuxiatu oinez abiatu dira Austriako mugara.
(Puede haber caducado)