ESTIBALIZ MARTINEZ. CEAR EUSKADIKO ORDEZKARIA

«Harrera egitea ez da aterpe bat ematea bakarrik; bitarteko bereziak beharko dituzte»

Berria, garikoitz goikoetxea, 04-09-2015

Lanean ari dira jo eta su, baina ez dakite zer gertatuko den datozen egunetan. Zain daude errefuxiatuei laguntzeko CEAR Euskadi elkartean. Espainiako Gobernuak zer erabakiko, hortxe dago gakoa.

Zertan ari zarete orain?

Hedabideei kasu egiteaz aparte, azpiegiturak prestatzen ari gara, lekua egiten. Bilbon, adibidez, lokal bat egokitzen ari gara, eta beste leku batzuetan ere ari dira. Baina zain gaude. Espainiarena da eskumena, eta ez daukagu informazio askorik: kupoak egongo diren edo ez, zenbat izango diren… Orain esaten ari dira Europako Batasunak kopurua hirukoiztu duela. Horren arabera gaude gu. Baina estatuak dauka eskumena, eta obligazioa ere bai.

Erakundeek nola erantzun dute?

Ondo. Ari dira erantzuten pixkanaka. Baina zain daude, ezin baitira besterik gabe hartu errefuxiatuak; adibidez, ez dakigu dokumentaziorik izango duten edo ez.

Eta aurreikuspenik baduzue?

Ez. Unez une aldatzen da egoera.

Erantzuteko dirurik badago?

Badaude diru sailak asiloa eskatzen dutenentzat. Onartuak daude, eta aurrekontua igo beharko da orain. 2016rako, Espainiak bikoiztu egin du asiloa dutenentzako aurrekontua, eta immigraziokoa %60 igo du. Baina aurreikuspena zen 2.738 lagun izatea, eta gehiago izango dira… Baina gaitasuna badaukagu. Borondatea falta da. Ez tokiko mailan, baizik eta estatuan. Eskumena harena da. Jendeari ahaztu egiten zaio, baina lehen ere gertatu da egoera hau; 1992an eta 1999an, esate baterako.

Herritarrek zer egin behar dute?

Aurre hartu diete erakundeei, eta eskertzekoa da. Baina ardura estatuarena da. Harrera egitea ez da bakarrik aterpe bat ematea. Baliabide bereziak beharko ditu jende horrek: gatazka armatu batetik datoz, bide luzea egin dute… Jendeak ez daki hori. Hau ez da sofa bat eta babarrun plater bat ematea. Dokumentaziorik ez badute, gainera, bidea luzeagoa izango da. Familia bakoitzak noiz arte eutsiko lioke? Elkartasuna bai, baina kontuz.

Jendea deika ari zaizue.

Eskari asko ari gara izaten. Oraintxe deitu dit, adibidez, itzultzaile batek, bere burua eskaintzeko. Baina guk ez dugu harrera hori bideratuko. Ezin iritsita gaude.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)