Brusela 100.000 errefuxiatu hartzeko prest agertu da orain
Europako Batzordeak herrialdeei eskatuko die kuota bidez migratzaile gehiago jasotzeko. Hungariako Gobernuak errepresio legeak proposatu ditu migratzaileen aurka egiteko
Berria, , 04-09-2015Azken urtean ehunka eta ehunka lagun hil dira Mediterraneoa gurutzatu nahian edo Europara iristeko beste bide bazterretan. Baina Austrian hozkailu kamioian aurkitutako 71 hilotzek eta egunotan munduari bira eman dion itotako haurraren irudiak are gehiago estutu ditu EB Europa Batasuneko agintariak, migrazioaren aferari erantzun bat eman diezaioten. Batasun falta nabaria da 28en artean, eta beharrezkoak izango zaizkie bilkura ordu ugari. Baina aldez aurretik hartzeko prest zeuden baino errefuxiatu gehiago hartu beharko dituzte. 40.000ko kopurua aipatu zuten lehendabizi. Atzo Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak esan zuenez, ordea, gutxienez 100.000 asilo eskatzaile banatu beharko dituzte kuota bidez.
Irailaren 14an ezohiko bilkura egingo dute EBko Barne ministroek, eta, albiste agentziek jakinarazi dutenez, adostuko dituzten neurrien artean errefuxiatuak EBn banatzeko prozedura egonkor bat egongo da. Ez dute asilo eskatzaile kopurua zehaztuko, baina bai herrialdeek betebeharrezkoa izango duten banaketarako mekanismo bat, BPGaren, biztanleriaren, langabezia tasaren, eta aurretik onartutako asilo eskaeren araberakoa.
Horrez gainera, Bruselak segurutzat dituen herrialdeen zerrenda bateratu bat osatuko du, kanporaketak errazteko; herrialde horietatik datozen migratzaileei ez diete asilo eskubidea bermatuko. EBn sartzeko hautagai diren herrialdeak sartuko lirateke zerrenda horretan: Turkia, Serbia eta Mazedonia, besteak beste.
Hungarian egin da nabarmen EBren migrazio politikaren ezintasuna. Errefuxiatuak hegoaldeko eta ekialdeko mugetatik iristen dira EBra, baina iparraldeko herrialde aberatsak dituzte helburu. Araudiak anabasa eragin du mugetan, normalean Schengen eremuan barrena mugitzeko askatasuna baitute herritarrek, ez ordea, baimenik gabeko migratzaileek.
Ehunka errefuxiatu Budapesteko tren geltokian bildu dira egunotan, Europa erdialderako garraiobidea hartzeko. Poliziak geltokia itxiarazi du, migratzaileak kanporatzeko. Vienarako eta Alemaniarako trenak bertan behera utzi dituzte.
Haatik, errefuxiatu talde batek tren bat hartzea lortu du, Sopron hirirantz, Austriako mugatik hurbil. Poliziak, ordea, helburura iristea galarazi die, eta Bicske hirian geldiarazi du trena. MTI Hungariako albiste agentziaren arabera, tentsio uneak izan dira bidaiarien eta polizien artean; 300 bat errefuxiatu zeuden trenean, eta jaisteari uko egin diote. Azkenean, atera dituzte trenetik, bortxaz zenbait kasutan. Hungariako hainbat hedabideren arabera, inguruko kanpaleku batera eraman dituzte. Tren geltokirako sarbidea itxi diete kazetariei.
Giza krisiari aurre egiteko erantzun bateraturik eman ez ezik, EBko herrialdeen artean jarduteko moduaren inguruan liskarrak piztu dira. Alemaniak erakutsi du jarrera irekiena. Aurten 800.000 asilo eskatzaile hartzeko prest agertu da, iazko kopuruaren laukoitza baino gehiago. Asilo eskaera gehien onartu zuen Alemaniak iaz.
Dublingo itunaren aurkakoa da Berlin. Horren arabera, Schengen eremura sartu diren herrialdean egin behar dute asilo eskaera errefuxiatuek. Baina Alemaniako Gobernua hasia da babesa ematen Siriako gerratik ihesi iritsi direnei, zein herrialdetatik sartu diren erreparatu gabe. NBEren Ikerkuntza Batzordeak ere eskatu du siriarrak ez deportatzeko.
Hungaria haserrearazi du Alemaniaren eskuzabaltasunak. Aste hasieran migratzaileak herrialdetik igarotzen utzi ditu, baina gero blokeatu egin ditu. «Alemaniaren arazoa da. Alemaniara joan nahi dute denek», adierazi du Viktor Orban Hungariako lehen ministroak. Gobernuak Alemaniari egotzi dio Budapesteko geltokiko egoera. «Alemaniak komunikazio akatsak egin ditu; asiloa hitzemanda errefuxiatuei», esan du Janos Lazar Gobernazio ministroak.
Orban eta musulmanak
Orbanen gobernuak zigorraren bidea hautatu du errefuxiatu krisiari aurre egiteko, eta Hungariako Parlamentua lege sorta gogorra onartzekoa zen atzo; finean, arautu gabeko migrazioa delitu bihurtuko du. Horrez gain, Poliziari ahal zabalagoak emango dizkio, etxebizitzak arakatzeko migratzaileen ehizan. Milaka lagunek protesta egin dute parlamentu aurrean, eta gobernuari eskatu diote errefuxiatuentzako baldintza hobeak ezartzeko.
Europan eskuinak politikoki erabili du errefuxiatuen krisia. Fidesz Aliantza Zibiko Hungariarra gobernuko alderdia ezaguna da etorkinen aurkako erretolikagatik. Orbanek ez du aukera galdu, eta beste behin kanpotarren aurka egin du. «Musulmanak dira gehienak. Garrantzitsua da hori, Europaren eta Europako kulturaren erroak kristautasunean daudelako». Lehen ministroak uste du Hungariak musulmanak jaso nahi dituen «erabakitzeko eskubidea» duela.
EBren migrazio politikaren aurka egin du ere Orbanek, europarrak eta hungariarrak «beldurrez akabatzen» utzi dituelakoan. «Ikusten dute Europako agintariak, lehen ministroak barne, ez direla gai egoera kontrolatzeko».
(Puede haber caducado)