GAKOAK
Berria, , 04-09-2015Ziurgabetasuna nagusi da, ez baitira ados jartzen Europako estatuetako ordezkariak. Hara hementxe xehetasun batzuk:
Zein dira hurrengo pausoak? Europako herrialdeek negoziatzen jarraitzen dute, estatu bakoitzak zenbat errefuxiatu hartu. Ez da adostasunik, hala ere. Hurrengo bilera hilaren 14an daukate. Kupoak adostu ondoren, neurriak zehazten hasiko lirateke estatuak: nola banatuko dituzten beren agintepeko lurraldean, dokumentaziorik izango duten edo ez, gizarte laguntzarik jasoko duten edo ez…
Euskal Herrian, zenbat? Espainiako eta Frantziako kopuruaren araberakoa litzateke. Ezin da zehatz jakin, beraz. Hurbilketa bat egin liteke. Espainiak onartuak dituen 2.739 errefuxiatuak biztanleen proportzioan banatuta, 166 migratzaile lirateke Hegoaldean. Kopuru hori igoko dela ziurra da, hala ere. Hainbat komunikabidek atzo aipatu zutenez, Europako Batzordeak hasieran esan baino hiru aldiz errefuxiatu gehiago hartzeko eskatu die estatuei; Espainiari, 16.800. Kasu horretan, proportzioan, Hegoaldean 1.015 lirateke: Araban, 115; Bizkaian, 412; Gipuzkoan, 257; eta Nafarroan, 231.
Nondik datoz? Bi aldetatik iritsiko lirateke errefuxiatuak: batetik, jadanik Europan daudenak —Hungarian, Grezian eta Italian, esate baterako—; bestetik, beren herrialdeetan kanpamentuetan daudenak —Libanon, adibidez—. Nafarroako Gobernuak nahia agertu du kanpamentuetatik errefuxiatuak ekartzeko. Harremanetan da UNHCR erakundearekin. Ekialde Hurbileko gerra eremuetako errefuxiatuak dira.
Zenbat asilo eskaera onartzen dituzte? Beren herrialdetik ihes egin behar eta beste herrialde batean asiloa eskatzen dutenak gero eta gehiago dira. Iaz, 125 eskari egin zituzten Hego Euskal Herrian, aurreko urtean baino %25 gehiago. Aberrigabezia eskaerak ere nabarmen handitu dira: Hegoaldean 555 ziren iaz. Oso gutxi onartzen dituzte. Espainiak 555 eskaeretatik 23 hartu zituen aintzat —zortzi, epaileek behartuta—. Eskariak aurten asko igoko direla uste dute.
(Puede haber caducado)