Lehen elkartasun izpiak
Errefuxiatuen krisiari erantzuteko bidea hasi dute euskal erakundeek: prest dira migratzaileak hartzeko. Nahitaezko da koordinazioa, baina Europa mutu dago
Berria, , 04-09-2015Oihu isil bat izan da. Argazki bat. Umetxo bat, hondartzan, Europarako bidean. Hilotz. Oihu isila, europarren begietan. Gerratik ihes egin nahiaren eta beharraren eta ezinaren argazkia. Europako harresi gogorrak apurtzen hasi da. Euskal Herrian bertan, udal eta erakunde gehienek iragarri dute neurriak hartuko dituztela, prest daudela errefuxiatuak hartzeko. Hasiak dira horretarako bidea prestatzen. Lehenbiziko urratsa, ordea, ez dago haien esku: Europako Batasuneko estatuek ados jarri behar dute, errefuxiatuak nola banatu. Aitortu dute orain arteko kopuruak txiki geratu direla, baina adostasunik ez da.
Aste hasieran hasi ziren mugimenduak, Bartzelonako alkate Ada Colauren eskutik —etxe kaleratzeen aurkako taldeetan ezagun egin zen, eta errefuxiatuen gaian ere hark hartu du gidaritza orain—: migratzaileak etxean hartzeko prest dauden herritarren zerrendak egitea proposatu du, besteak beste. Babes hirien sare bat hedatzea zen asmoa, eta Euskal Herritik bi erantzun izan zituen lehenbiziko egunetan: Iruñean, Joseba Asiron alkateak (EH Bildu) adostasuna agertu zion proposamen horri; Eibarren (Gipuzkoa), Miguel de los Toyos alkateak (PSE-EE) eman zuen pausoa, oposizioaren babesarekin. Neurri zehatz batzuk jarri zituen mahai gainean: Arrateko aterpetxea eskaini zuen. «Elkartasunaz gain, hor dago gure erantzukizuna ere».
Salbuespena ziren. Atzo, Grezian hildako umearen argazkia han eta hemen hedatu zenean, orduan iritsi ziren erabaki gehiago.
Gasteizko alkate Gorka Urtaranek (EAJ), adibidez, iragarri zuen hirian hamar familia hartzeko gai litzatekeela udala gaur-gaurkoz; gainera, errefuxiatuak etxean hartzeko prest daudenen lista bat bideratzeko asmoa agertu zuen. Donostiako Udala ere batu zen bidera, baina ohartarazi zuen erakunde bakoitza ez daitekeela ari bere aldetik. «Osoa» izan behar da erantzuna, Aitziber San Roman (EAJ) Gizarte Ekintzako zinegotziaren esanetan. Horregatik, elkarlana eskatu du udalen, aldundien eta gobernuen artean. Bezperan Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak (EAJ) hori bera eskatu zuen: «Ez da eraginkorra nork bere aldetik jardutea».
PP, isilik edo kontra
Eguerdian eman zuen pauso irmo bat Nafarroako Gobernuak: errefuxiatuak hartzeko prest zegoela iragarri zuen. Areago, ikusirik Espainiako Gobernuaren jarrera, zuzenean UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariarekin harremanetan jarriak dira, errefuxiatuak bideratzeko —Nafarroara ekartzeko, edonola ere, Madrilen baiezkoa beharko lukete—. Presako agerraldi batean, Europaren eta Espainiaren jarrera salatu zuten Uxue Barkos lehendakariak eta Miguel Laparra lehendakariordeak: «berandu eta eskas» ari dira, haien ustetan. «Europako eraikuntza bera oinarritzen den funtsezko balio batzuk zalantzan jartzen hasi dira».
Alderdi gehien-gehienen adostasuna dute neurriak hartzen ari diren erakundeek. PP da salbuespena: erakunde batzuetan isilik dago —Espainiako Gobernuan, adibidez—; beste batzuetan, aurka.
Bilboko PPko zinegotzi Luis Egiluz agertu da, adibidez, migratzaileei hirietan harrera egitearen kontra. Hirietan gisa horretan hartzea ez da «egokia», haren iritziz: «Hartzeko moduan huts egin daiteke, eta ghettoak sortu». Bilbotik egin litekeena «prestasuna agertzea» da, zain egotea, Espainiak zer esango, PPren ustez.
Lantaldea Jaurlaritzan
Egoera argitzeko eskaria egin dio, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak Madrili. Bateko eta besteko erakundeen mezuen ostean, presazko agerraldia egin zuen atzo arratsaldean Josu Erkoreka bozeramaileak, eta ezinbestekotzat jo zuen Espainiako Gobernuak eta erkidegoek bilera bat egitea, «posizio bateratua» hartzeko. Erakundeak «adostasunez eta koordinatuta» aritzea nahitaezkoa da, Gasteizko gobernuaren ustez, eta lantalde bat sortu du, aldundiekin eta Eudelekin, auzia bideratzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak bat egin zuten Jaurlaritzaren mezuarekin arratsean. Diputazioak erantsi zuen elkarlanean ari dela herrialdeko hirugarren sektorearekin, erantzuna prestatzeko. Arabako Foru Aldundiak, orobat, martxan ipini du larrialdi funtsa, eta aukeran jarri ditu haur migratzaileen plazak.
Ez da egun batetik bestera bideratuko gaia. Alor politikoan, esaterako, neurriak eskatu dizkiote EH Bilduk eta PSE-EEk Jaurlaritzari, errefuxiatuei laguntzeko. Mugimendu gehiago izango dira hurrengo egunetan. Gaur bertan, adibidez, Bartzelonan bilera dute alkate batzuek, eta han izango da Asiron Iruñeko alkatea. Colau ere joatekoa da. Errefuxiatuen gaian nola jokatu aztergai izango dute.
Ez baita bat-bateko gaia. Aldi baterako izango dela aurreratu du Erkorekak, eta adostasuna eskatu du. Egun batzuetako ostatua baino gehiago behar izango baitute.
(Puede haber caducado)