Osasun zerbitzua jasotzeko, urte erdiko errolda galdegin nahi die Espainiak etorkinei
Paperik gabeko migratzaileei osasun arreta itzuliko die PPk, baldintza batzuekin. Jaurlaritzak iragarri du denei zerbitzu ematen segituko duela
Berria, , 03-09-2015Osasun zerbitzua berriro izango dute paperik gabeko migratzaileek, baina ez lehen bezala. 2012ko erabakia atzera botatzeko asmoa du Espainiako Gobernuak —zerbitzurik gabe utzi zituen paperik ez duten immigranteak—, baina ez du erabat aldatuko erabakia: urte erdi erroldan ez daramaten etorkinek ez dute zerbitzurik edukiko. Madrilek atzera egin izana aurrerapausotzat jo du Eusko Jaurlaritzak, baina ohartarazi du erroldan sei hil baino gutxiago daramatenen arazoak ez dituela konponduko. Nafarroako Gobernuak «hauteskundeetako adabaki» gisa ikusi du PPren erabakia.
Bilera zuten atzo Madrilen Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek. Proposamen hori egin zien ministerioak, eta hamabost eguneko epea dute erkidegoek erantzuteko. Hauteskundeen atarian dator erabakia, PPren esku dauden erkidego batzuen aldaketaren ostean —etorkinei zerbitzu ematen hasi dira—.
Sei hilabeteko errolda eskatzeko, ministerioak argudiatu du «osasun turismoa» saihestu beharra dagoela —Madrilen arabera, kanpotik jendea Espainiara joaten da ebakuntzak-eta egitera—. Gainera, erregistro bat sortu nahi du, paperik gabe egon eta zerbitzua jasotzen dutenekin. Poliziari datu horiek pasatuko ote dizkioten galdeturik, ezetz esan du PPk.
Erregistro hori sortzearen aurka agertu da Jaurlaritza: «Neurri diskriminatzaile eta soberakoa da». Nabarmendu du orain arte bezala emango diela zerbitzu pertsona guztiei. Nafarroako Gobernuak bide beretik jo du, eta esan du indarrean dagoela Nafarroako legea, osasun txartelak ematekoa. 2012ko dekretua atzera botatzeko eskatu diote bi gobernuek Madrili.
(Puede haber caducado)