OSASUNA

Nafarroak atzera bota du Madrilek migratzaileei osasun zerbitzua emateko proposatutako baldintzak

Berria, Garikoitz Goikoetxea, 02-09-2015

Proposamen elektoralista dela adierazi du Luis Gabilondo Osasun zuzendariak, eta Nafarroako legea baino murriztaileagoa dela. Paperik gabeko etorkinak osasun arretarik gabe uzteko erabakian atzera egiteko asmoa du PPk, baina mugekin. Proposamena mahai gainean jarri die Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei: osasun zerbitzua eduki ahalko dute paperik ez duten migratzaileek, baina betiere erroldan urte erdi baino gehiago badaramate. Bilera egin dute Madrilen erkidegoetako arduradunek eta Osasun Ministerioak. Nafarroako Gobernuak gaur bertan erantzun du eta esan du ez duela bere egingo proposamena; elektoralista dela esan du. Gabilondok ohar baten bidez azaldu du Nafarroako Legeak osasuna eskubide unibertsal gisara jasotzen duela eta hori ezartzen jarraituko dutela.
Proposamenarekin orain hiru urte egindako murrizketa bati buelta eman nahi dio PPk —osasun zerbitzutik kanpo laga zituen paperik gabeko migratzaileak—, baina baldintzekin. Ministerioaren esanetan, gutxienez sei hilabetez erroldatuta egon beharra dute migratzaileek osasun zerbitzua lortzeko, gainerakoan “osasun turismoa” ugarituko baita —gobernuaren arabera, beste herrialde batzuetatik joaten da Espainiara jendea, ebakuntzak – eta egitera, beren herrialdean ez dizkietelako egiten—.
Osasun zerbitzua duten paperik gabeko migratzaileekin erregistro bat sortu nahi du Madrilek. Hori zertarako ote den, kezka zabaldu da sektore batzuetan. Kazetariek galdera egin diote Morenori, erregistro hori Poliziaren esku utziko ote duten, etorkinak kanporatzeko. Ezetz esan du.
Ministerioaren proposamenari erantzuteko hamabost eguneko epea dute erkidegoek. Horren ondoren hartuko dute erabakia.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)