Kamioietan okela

Berria, , 01-09-2015

Bistan da askoz errazagoa dela trenetako segurtasun neurriak adostea kamioi frigorifikoetakoak baino. Azken batean, trenetan herritarrak goaz, Bruselatik Parisera doazen trenetan herritar zuriak goaz, ezin zuriagoak, eta beti ez dira suertatuko soldadu estatubatuarrak trenean eta errealitateari Hollywood ukitu ezinago autentikoa emanez, terrorista momentuan eta zuzenean menderatzea. Hortaz, bertako soldaduak jarriko ditugu eta kontrolak zorroztu halakoak soilik zineman ikusteko. Edo smartphonean, norbaitek bidalitako bideo biral horietako batean, betiere gure mugetatik urruti gertatua. Irudiak onartzen ditugu, nahi ditugu; irudietako protagonistak ez.

Trenetan herritarrak joaten gara, eta kamioi frigorifikoetan okela, eta tarteka haragia. Egunotan zabaldu da argazki bat, hilarri batena, eta hildakoaren izenari dagokion tokian «Africano» jartzen du. Paperik ez dute, eta izenik ere ez. Etorkinak dira, afrikanoak, beltzak. Eta gu zuriak. Haiek pobreak, eta gu aberatsak.

Aspaldian errepikatzen dugun kontua da, eta erosta merkearen tankera hartzen du kontuak. Azken batean oihu batzuk egin, artikuluren bat idatzi, agian manifestazioren batera joan, guasapeko irudia aldatu —sinbolo aldarrikatzailea jarriz, noski— eta gure oporren segidari eusten diogu, gure lanaren segidari —daukanak, bederen—, gure tren zurietan, gure festa zurietan, gure bizimodu zurietan. Batzuetan inpresioa daukat idazleak arrazoi zuela, ingurura begiratu eta denak aspaldi hilda gaudela, lurperatzeko txanda noiz helduko.

Eta orduan zer egingo dugu, geure buruaz beste egin? Zertarako, jada hilda baldin bagaude? Hobe, Anarik disko paregabean esaten duenez, geure buruaz beste… bat egitea. Eta pasatzen zaigu sen nihilista, eta begiratzen diegu hor lanean dihardutenei. Immigrazio mugimendu honetan guztian lana egiten duen jende mordoa dago-eta, boluntario anitz, erakunde asko, jendea lan egiten eta lan egiteko prest. Antolakuntza egokiarekin, herritarrek erantzuten dute. Hain hilda ere ez gaude.

Eta besterik ezin dugu egin?

Bai. Oso egiteko garrantzitsua dugu, Hungaria edo Mazedoniako mugan bizi gabe ere egin genezakeena: haien tokian jartzea. Ez ahaztea ez dela denbora asko gu ere errefuxiatu izan ginela, maleta bat hartuta Espainiako eta Frantziako estatuen arteko muga igaro zutela milaka herritarrek etorkizuna hitz bat besterik ez zela, hitz itsusi bat. Haien tokian jarri, eta gure egunerokora ekarri. Gure egunerokoan, etxean eta kalean, berdin-berdin jolasean, eskolan, lanean, borrokan eta bakean, euskaldun zuri zoragarriak ez diren horiek denak nola tratatzen ditugun aztertu, haiekin nola harremantzen garen pentsatu, haiei buruz zer komentario eta txiste egiten dugun, aldamenetik pasatzen zaizkigunean poltsari fuerteago heltzen diogun, inoiz haiekin kafe bat hartu bai baina suhi edo erraintzat hartuko genituzkeen, ekitaldi handi bateko bideorako ez ezik asteburuko planetarako deituko diegun… Hortxe daukagu lan ikaragarria, guk geuk egin beharrekoa, guk geuk immigrazioaren fenomeno eta problema handi honen inguruan egin dezakeguna. Zabaldu beharreko mugarik handiena, norbere burukoa, bizimodukoa.

Eta gero oihu, kexu eta manifak, jakina. Eta agintariei eskaria eta egurra, gogor. Errefuxiatuak, etorkinak, denak tren zurietan gure aldamenean tiketa normal erosita etor daitezen, mugi txartelarekin, etorkinak direnik ere ohartu gabe, nabarmendu gabe. Gu ere noizbait etorriko ginela, edo joan gaitezkeela, ahaztu gabe.

Eta kamioietan haragia baino okela, autopsiarik behar ez duena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)