Hungariak errefuxiatuekin «nahasmena» sortzea egotzi dio Alemaniari
Budapestek uste du Berlinek «esperantzak» eman dizkiela errefuxiatuei, babesa eskatzeko baldintzak zertxobait apaldu dituelako
Berria, , 01-09-2015Hungaria haserre dago Alemaniak eta Frantziak errefuxiatuen aferarekin duten jarrerarekin. Alde batetik, Alemaniari leporatu dio «nahasmena» sortzea, Berlinek erabaki baitu errefuxiatuak ez kanporatzea EB Europako Batasunean sartzeko erabili duten lehenbiziko herrialdera. Hungariako Gobernuaren ustez, horrek «esperantza» emanen die errefuxiatuei, eta Budapestek ez du nahi babes eskatzaile gehiago erakartzea. Bertzalde, Hungariak azalpenak eskatu dizkio Frantziak Budapesten duen enbaxadoreari, Laurent Fabius Frantziako Atzerri ministroak kritikatu egin zuelako Hungaria Serbiako mugan eraikitzen ari den hesia. Austria herenegun arratsetik kontrol zorrotzak ezartzen ari zaizkie ibilgailuei eta trenei Hungariako mugan, eta, Budapesten ustez, horrek erakusten du «Europako herrialde bakar batek ere» ez duela utziko «bere lurretara legez kanpoko etorkinak kontrolik gabe ailegatzea».
Afrikako eta Asiako gatazketatik —batez ere Siriako gerratik— ihesi doazen dozenaka milaka errefuxiatuk gehienbat Europa iparraldeko herrialdeetara ailegatu nahi dute, han babesa eskatzeko. Ehunka hil dira bidean, Mediterraneo itsasoan edo Europa barneko bidaian, baina EBko herrialdeek ez dute estrategiarik martxan paratu krisiari erantzuteko, eta norberak bere interesak eta jarrerak defendatu ditu.
«Hungaria ez da ari soilik bere mugak defendatzen, EB osoarenak eta Schengen eremuarenak baizik. Eta hori kide guztien ardura da». Hungariako Gobernuak inbasiotzat hartu du errefuxiatuen ailegatzea, eta iparraldeko herrialdeez kexu da behar bertze laguntzen ez diotelakoan. Budapestek neurri gogorrak hartu ditu errefuxiatuak geldiarazteko xedearekin: atzo bukatu zuen Serbiako mugan 175 kilometro luze den alanbrezko hesia, eta, azarorako, hesi sendoago bat egin nahi du; horrez gain, Hungarian legez kanpo sartzea hiru urteko espetxealdiarekin zigortzea aztertuko du parlamentuak —bortz urte, hesiari kalterik eginez gero—.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak joan den astean jakinarazi zuen ez dituztela babes eskatzaileak behartuko eskari hori EBra ailegatutako lehenbiziko herrialdean egitera. Horren ondorioz, errefuxiatuak behartuta zeuden eskariak gehienbat Grezian eta Italian egitera, eta, berme juridiko faltagatik, herrialde horietan trabatuta gelditu ohi ziren. Hungariara ailegatu ohi diren errefuxiatuak Greziatik pasatu ohi dira lehenago, eta, Berlinek baldintza hori kenduta, Budapestek uste du errefuxiatu gehiago «erakarri» eginen dituela.
Berlinen eta Parisen plana
Halaber, Hungaria Alemaniarekin eta Frantziarekin haserretu da Budapest kritikatu dutelako, baina Austriak, adibidez, Hungariako mugako kontrolak indartu dituelako, eta atzemandako errefuxiatu anitz bueltan Hungariara bidaltzen dituelako. Austriako Barne Ministerioak adierazi du giza trafikatzaileen aurkako neurria dela —joan den astean 71 errefuxiatu hilda aurkitu zituzten kamioi batean—. Merkelek atzo jakinarazi zuen Frantziarekin batera EB osorako plan bat egin duela, eta datozen egunetan aurkeztuko dute. Aitzinatu du babes eskariak kide guztien artean banatzea proposatuko dutela, kuota bidez. Halako proposamen bat bertan behera gelditu zen duela gutxi, zenbait estatu aurka agertu zirelako.
(Puede haber caducado)