Mugak itxita jarraituko du
Venezuelak eta Kolonbiak jarrerak gerturatu dituzte, baina Caracasek ez du irekiko bi herrialdeen arteko igarobide nagusia. Bogotak salatu du giza krisia eragin duela itxierak
Berria, , 28-08-2015Lehen pausoa eman dute harremanak normalizatzeko, baina oraingoz itxita jarraituko du mugako igarobideak. Kolonbiako eta Venezuelako Atzerri ministroen goi bilkuran jarrerak gerturatu dituzte, eta bi bizilagunen arteko tentsioa zertxobait baretu dute. Baina arazoaren muinean ez dira bat etorri, eta mugak bere hartan jarraituko du: itxita. Iragan asteazkenean itxi zuen Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak San Antonio del Tachira eta Cututa hirien arteko igarobidea, ustezko kontrabandista batzuek Venezuelako hiru soldadu eta zibil bat zauritzean.
Krisi diplomatikoa ireki du muga ixteak. 2.200 kilometroko muga dute Venezuelak eta Kolonbiak, eta itxitako zatia 100 kilometro ingurukoa da. Bi herrialdeen arteko igarobide garrantzitsuena da, pertsonen eta merkataritza produktuen joan-etorri handiena duena, baina kontrabandisten erreinua ere bada; Venezuelan estatuak diruz lagundutako oinarrizko produktuak erosi —batez ere gasolina— eta Kolonbian garestiago salduta aberasten dira. Gainera, Caracasek salatu du paramilitar ohiak hedatu direla inguruan, eta talde kriminalak antolatu dituztela. «Estatuak gainezka egin du taldeen indarkeriagatik», adierazi du Madurok. Hasieran, muga 72 orduz ixtea agindu zuen, baina eperik gabe luzatu zuen ondoren itxiera.
Haatik, kalte larriak eragin ditu mugaren blokeoak. Izan ere, Madurok larrialdia ezarri du mugaldeko sei udalerritan, eta mila kolonbiarretik gora deportatu ditu armadak. Beste 3.000 inguru euren kabuz itzuli dira Kolonbiara. Bogotaren arabera, giza krisia eragin du muga ixteak, deportatutako gehienak Venezuelan lan egiten zuten beharginak direlako.
Hartu-eman «zintzoa»
Bost orduz bildu dira Maria Angela Holguin Kolonbiako Atzerri ministroa eta Delcy Rodriguez Venezuelakoa. «Aspaldi izandako bilerarik zintzoenak izan dira», adierazi du Kolonbiako diplomaziaburuak. Kontrabandoaren eta krimen antolatuaren aurka egiteko neurriak hartuko dituzte bi herrialdeek, baina gerturatzea ez da nahikoa izan Caracasi iritzia aldarazteko. «Muga ixtea ez da konponbidea. Legezko negozioak zituzten herritarrak dira deportatu dituztenak», salatu du Holguinek. «Moneta nazionalaren aurkako eraso bat hasi dute. Venezuelako produktuen kontrabandoak, batez ere gasolinarenak, kolonbiarrei ere kalte egiten die», salatu du Rodriguezek. Edonola ere, bi diplomaziaburuek emankortzat jo dute bilkura. «Lehen urratsa da muga berri bat eraikitzeko bidean»,adierazi du Venezuelako Atzerri ministroak. Hurrengo egunetan bi herrialdeetako Defentsa ministroak bilduko dira krimen antolatuaren aurkako neurri zehatzagoak adosteko.
Deportazioak eta Venezuelako indar armatuen jokabideak haserrearazi dute Kolonbia, giza eskubideen urraketak eta tratu txarrak salatu baitituzte mugaz bestaldera indarrez kanporatu dituzten kolonbiarrek. Cucutara iritsi dira ehunka deportatu, garraiatu ahal izan dituzten jabetza gutxiekin, eta babeslekuetan hartu behar izan dituzte.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak deportatuak bisitatu ditu Cucutan, eta hitzeman die «gehiegikeria guztiengatik» babestuko dituela gobernuak. «Protesta egin dugu, eta Venezuelako agintariei eskatu diegu errespeta dezatela kolonbiarren duintasuna. Horietako inor ez da paramilitarra», adierazi du Santosek, deportatutako familiei erreferentzia eginez.
Halaber, kanporatu dituztenentzako diru laguntzak hitzeman ditu presidenteak. Horrez gain, Venezuelari eskatu dio hamabost kamioiri muga igarotzen uzteko, herrialdetik kanporatu dituzten etxebizitzetan haien ondasunak jaso ditzaten.
Etxe barruan jarrera oldarkorragoa hartzeko estu hartu dute Santos. Haren U-ren alderdiak Kolonbia Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasunetik ateratzeko eskatu du, erakundeko presidente Ernesto Samperren —Kolonbiako presidentea izandakoa da— jarrera desegokia izan delakoan. «Orain urtebete salatu genuen arriskuak ekar zitzakeela Kolonbiako paramilitarren esku hartzeak Venezuelan. Baieztatu da arrazoia genuela», idatzi du Samperrek Twitter sare sozialean.
Venezuelaren ekonomia ataka larrian dago, batez ere oinarrizko produktuen gabezia handia delako, eta ilara handiak sortu ohi dira saltokietan. Petrolioaren prezioen beherakadak eragin du krisia hein handi batean, hidrokarburoen esportazioen dependentzia handia baitu Caracasek. Baina kontrabandoak eta oinarrizko produktuen merkatu beltza sortu duten mafiek ere erantzukizun handia dute ekonomiaren txartzean.
Venezuelako Gobernuaren arabera, herrialdea ezegonkortzeko «gerra ekonomikoa» abiatu dute hainbat sektorek, eta kontrabandoko sarea du gerra horren adierazle nagusia. Madurok argi ditu muga ixtearen onurak: «Igarobidea itxita dagoen eguneko milioi bat litro gasolina aurrezten dugu».
(Puede haber caducado)