Immigrazioa

NBEk beste migrazio politika bat eskatu dio EBri, eta "pertsonak direla" gogorarazi dio

Berria, , 25-08-2015

Oinarrizko eskubideetan oinarritutako migrazio politika berri, integral eta zentzuzko bat eskatu dio nazioarteko erakundeak Europako Batasunari; azpimarratu duenez, orain arte egindakoa “ez da ari funtzionatzen”. Azken asteetan Mediterraneoan zehar Europara heldutako milaka etorkinek mahai gainean jarri dute immigrazioaren krisia. Horiek hala, larrialdiko bilera egin zuten atzo Frantziako presidente François Hollandek eta Alemaniako kantziler Angela Merkelek, eta, gaur, Nazio Batuen Erakundeko Migratzaileen Giza Eskubideen ordezkari François Crepeuk politika berri bat eskatu dio Europako Batasunari: “Migrazioa hemen dago, geratzeko”.
Argi eta garbi hitz egin du Crepeuk goizeko agerraldian: “Hesiak eraikitzeak, negar gasak erabiltzeak eta immigranteen eta asilo eskatzaileen aurkako indarkeriak, oro har, atxiloketek, ura eta elikagaiak ukatzeak, mehatxuek, edota gorrotoan oinarritutako diskurtso batek ez du ekidingo migratzaileak hona etortzea edo Europara sartzen saiatzea”.
Lurralde burujabetzak “muga kontrolatzea” esan nahi du NEBko adituaren ustetan; hau da, “zein sartu eta zein irteten den jakitea, baina ez migrazioari muga ixtea. Hauei irtenbide seguru eta legalak emateak bermatuko luke kontrol hori”. NBEk proposatzen dituen irtenbideen artean, “Europan sartzeko eta geratzeko kanal ofizialak” aipatu ditu, “bisa bidezko lan – merkatu erregularren bidez” jendeari lana egiteko aukera emateko. Etorkinak esplotatzen dituztenak zigortuz, neurri hauek babestu egin beharko liratekeela gehitu du.
“Pertsonak dira, zu eta ni bezala, eta inor ez litzake ausartu behar moralki esatera euren lekuan ez lukeela berdina egingo”, azpimarratu du, eta Europako buruzagiei “lidergo moral eta politikoa” eskatu die, “arrazakeriaren, xenofobiaren eta gorrotoaren krimenen aurka ahalik eta indartsuen” borrokatzeko galdeginez.
Estrategia bateratu baten bila
Merkel eta Hollanden aurrez aurrekoak ikusmina sortu, bai, baina ez du ezustekorik eman. Bi buruzagiek kuota sistema betetzearen beharra nabarmendu dute, eta asilo eskatzaileentzako politika bateratu bat sortzeko eskatu diote Bruselari. “Schengen eremuak estrategia bateratua behar du, elkartasunean oinarritua eta zentzuzkoa”, adierazi du Hollandek.
Merkelek, bere aldetik, gogorarazi die Italiari eta Greziari lehenbailehen zabaldu behar dituztela Bruselarekin adostutako erregistro guneak, eta horiek sortu eta kudeatzeko laguntza eskatu die Europako gainontzeko estatuei. Horretaz gain, “estatu seguruen zerrenda berrikusteko” ere eskatu dio kantzilerrak EBri, asilo eskaerak murrizte aldera.
Azken aukera
Iturri ofizialek azaldu dutenez, atzo 2.000 pertsona inguru sartu ziren Hungariara Serbiatik. Aurreko egunetan baino gehiago. Izan ere, Hungaria da Schengen eremuko lehen herrialdea, eta beraz hara sartutakoan etorkinek ez lukete oztoporik edukiko EBko beste estatuetara mugitzeko.
Hungariak datozen egunetan amaituko du metro eta erdiko altuera duen txantxarrezko hesia Serbiarekiko mugan, eta hura amaitutakoan milaka izango dira noraezean geratuko diren etorkinak. Ondorioz, iheslariek azken egunok baliatu nahi dituzte Serbiatik zeharkatu eta handik Alemania, Suedia edo Austriara joateko.
Serbiak, bere aldetik, errefuxiatuentzako larrialdiko aterpeak prestatu ditu eta dokumentuak banatu ditu zain daudenen artean, Hungariara sar daitezen. Iturri ofizialen arabera, 24 orduan 8.000 lagun heldu dira herrialde hartara, muga zeharkatu ahal izateko itxaropenarekin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)