Zortzi aldiz ukatuz ere bere hegazkineratzea, ez zuten sinesten

Edehen kasuak agerian utzi ditu sostengua eskaintzen duten egituren disfuntzioak. Gazte nigeriarra ez bezala, anitz dira lortzen ez dutenak

Berria, N. A. Lete, 21-08-2015

Elita Edehek azkenean lortu du babes administratibo bat, nahiz behin-behinekoa izan. Azken unekoa izan da dena. Atzo izan behar zuen normalki Nigeriarako hegaldia. Bezperan, berriz, gaueko hamaiketan bidali zuen erabakia prefetak, azkenean ez zutela kanporatuko.

Bizkitartean, medikuen agiriek posible egin dutena, medikuek ikusi duten trauma, ikusi duten babes beharra ez du ikusi Frantziako Estatuko administrazioak. Edehek bere bizia arriskuan zuela erran izan badu ere, babesa ukatu diote behin eta berriz. Helegite juridiko guztiek. Asilo estatutua ere ukatu zion Iheslari eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Erakundeak (OFPRA). «Bere erranek koherentzia eskasa zutelako», esplikatu du prefekturak. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak ez zuena dudan jarri.

Zortzi aldiz ukatu du sorterrirako hegazkineratzea Edehek. Colette Capdevielle diputatu sozialistak berak aitortu du «ezohikoa» dela hori. «Zinez ez zuen itzuli nahi». Edehen ikustera joan da diputatua atxikitze zentrora eta Barne ministeriora deitzen aritu da presio egiteko. «Lanpetuak daude», hala esplikatu du Capdeviellek administrazioak lehenago ez egin izana Edehen alde. Alta, legea aldatu da uda honetan. Eta normalki, asiloa eskuratzeko epeak laburtzeaz gain, abokatuaren laguntza ere derrigortzen du lege berriak. Baina OFPRArekin izan bideo konferentzian ez zuen izan abokaturik Edehek. «Legea berria delako, baina ohitu beharko dira horretaz ere OFPRAkoak», deritzo Capdeviellek.

Edehek ahal izan duena, agian, beste anitzek ez dute erdietsi. OFPRAk eskaeren % 17 ditu onartu iaz. Hori ere badela errealitate bat baieztatu zuten Cimade elkartekoek. Cimadeko Francisco Sanchez Rodriguezek arazo horren frogatzat dauka, Asilo Eskubideen Frantziako Epaitegiaren lana. OFPRAk asiloa ukatzen duelarik, horrek ukapen horien aurka jarri errekurtsoak aztertzen ditu. Eta gero eta gehiagotan ditu baimentzen OFPRAk ukatu asiloak. OFPRA Barne ministerioaren peko dela nabarmendu zuen Sanchez Rodriguezek. «Zifraren politikaren menpeko» izateaz damutu zen. Haren iduriko, OFPRAk «ez ditu beharrezkoak lituzkeen tresnak».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)