ASILO ESKUBIDEA. ELITA EDEHEN AUZIA
Kanpoan, baina oraindik hauskor
Hendaiako atxikitze zentrotik ateratzen utzi diote Elita Edehi. Frantziako Estatuan egoteko sei hilabeteko behin-behineko baimena lortu du; egoera administratiboa egonkortu eta sendatzeko erabiliko duen epea da, Parisen.
Berria, , 21-08-2015Maleta lodi gorria tiraka atera da Hendaiako atxikitze zentrotik Elita Edeh nigeriarra. Bakarrik da. Hala gertatzen da horrelakoetan. Behin zentrotik ateratzeko eskubidea izan eta, horretan bururatzen da administrazioaren lana. Zentro aitzineko espaloira iristen dira zentroan zirenak. Besterik gabe. Batzuetan norberaren burua baliabide bakar, edo besteetan, elkartasun sare bat.
Edehen kasuan, elkartasuna du lagun. Sakelako telefonoa ez du urrun. Badu nor deitu, badu nork lagundu. Lagun bat etortzekoa zaio bila. Geltokian finkatu dute hitzordua. Zentrotik zenbait metrotara du geltokia. Legez, prefekturatik eskatu baitiote helbide finko bat. Ateratzeko baimena eman diote, behin-behinekoa, baldin eta helbide jakin bat komunikatzen badie. Angelun bizi den Joelle Ustaritzek dauka bere etxea prestatzea proposatu, helbide horren izateko. Mugarik Gabeko Lesbianen elkarteko kidea da Ustaritz, eta, Edehen arazoa jakin zuenez geroztik, duela hamar bat egun, buru-belarri sartu da Edeh hortik ateratzeko eginkizunetan, eginahalak egiteko prest: «Ez direla bakarrik ohartaraztea inportanta da psikologikoki. Beren egoera ezagutua dela eta muturreraino laguntzeko prest gaudela», esan du Ustaritzek. «Ezinegona» sortu dio Edehek jasan duenak; lesbiana izateagatik hiltzeko arriskuan izateak bere sorterrian. Herritarrek hil zuten bere neska-laguna bezala edo, Poliziak harrapatuz gero, preso sar lezaketela, «torturatu eta bortxatu» ere, berresten du Edehek berak.
Ustaritz ez da Edehen lekukotasunak hunki duen bakarra izan. Elkartasun sare zabal bat ehuntzen joan da egunez egun Elita Edehen inguruan. Agiriak, adierazpenak eta baita izenpetze kanpainak ere indartuz joan dira. SOS homofobia, SOS Arrazakeria, Les Bascos edo EGHAM bezalako elkarteen artean sostengu komite bat ere osatu diote.
Lehen hitzak elkartasun horren eskertzeko izan ditu, hain zuzen, Hendaiako atxikitze zentroaren atarian Edehek, han beha dituen zenbait kazetariek luzatu mikrofonoetan, doi bat urduritu badu ere harrera horrek. Kamerak ikustean, bere begitartea iruditan ez agertzeko eskatu du Edehek behin baino gehiagotan. Arras kontziente da ez dela oraindik erabat bururatua tunela, bere bizia salbatzeko eskapatu behar izan zuenetik Nigeriatik zeharkatu behar izan duen tunela. Jakin badaki, sei hilabeteren buruan balitekeela berriro bidalia izatea sorterrira. Itzal hori ageri du begitartetik, atxikitze zentroa eta poliziak gibelean utzirik ere.
Fisikoki eta mentalki hunkia
«Fisikoki eta mentalki hunkia naiz», aitortu du Edehek. Bere geroa nolakoa ikusten duen galdera egiterakoan, ordea, anitz erran nahi duen isiltasun luze bat baizik ez du erantzun gisa. Goizegi dela egoeraz jabetzeko, hori nahi du ulertarazi: «Zure bihotzak lurra joa duelarik horrela, ezinezkoa zaio zinez pentsatzen hastea. Ordu honetan ezinezkoa zait zinez pentsatzen hastea». Halere, gehitu ahal izan du «uros naiz» hauskor bat. Nahiz hor ere ez duen urrun, «akitua naiz, gaixorik naiz, gogoa histua» duela. Orain sendatu nahi duela. Hori duela lehentasuna. Sorterrian pairatuak eragin trauma ondoko nahasmendua gainditu nahi duela.
Behin eta berriz eskerrak ematen dizkie, preseski, sendatzeko artamendua eskuratzeko aukera eman dieten guztiei: «Ezingo ditut behin ere aski eskertu lagundu nauten guztiak». Badaki anitz zor diela. Eta horretaz ohartzen dela argi utzi nahi du. Hasiz atxikitze zentroan bertan hasieratik bere ondoan ukan dituen Cimade elkartekoetatik. Bulegoa hortxe baitute Cimadekoek ere. Zentrotik ateratzeko eginahal guztiak egiten lagundu diote horiek: alde juridiko guztia, baita osagarriari lotua ere. Funtsean, usaian egiten duten lana da hori Cimadekoentzat, zentrotik iragaten diren guztiekin saiatzen dira horrela laguntzen. Eta badute zer egin. 2014an, konparazione, 324 pertsona atxiki zituzten Hendaiako zentroan.
Orain, berriz, Parisko Cimade elkarteak hartuko du Euskal Herriko Cimaderen lekukoa. Behin geltokira iritsi eta, pare bat dei izanda, argi du Edehek: Parisko tren txartela behar du. Parisen du pasatuko lehen gaua. Gaurko bi hitzordu finkatu dizkiotela abisatzeko deitu dute haren sakelakora- Arratsaldean berean hartu du Hendaiako trena Parisera joateko.
Parisen, gaixorik dauden atzerritarren eskubideetan berezitua den jurista bat ukanen du solaskide Edehek. Eta horrekin, behar diren urrats guztiak eginen dituzte, bai osasun aldetik, lehenbizi, traumaren ondorioak gainditzeko artamendua lehenbailehen abia dezan. Eta bigarrenik, administraziori lotu alorraz ere arduratuko dira. Mementoko behin- behinekoa duen baimen mugatu hori egonkortzeko. Izan ere, Pirinio Atlantikoetako prefetak azaldu du bidali duen agirian sei hileko behin-behineko baimen bat eskuratzen ahalko duela, «osasun arrazoiengatik». Prefetak zehaztu du, gainera, Edeh ez urruntzeko eta Hendaiako atxikitze zentrotik ateratzeko erabakia «arrazoi humanitarioengatik» hartu duela, Akitaniako osasun agentziako iritzia jarraikiz. Agentziako medikuak «gomendatu» baitu Edeh ez dela urrundu behar Frantziako Estatutik, «artamenduak segitzeko gisan».
Parisko Cimadek, orain, administrazioaren arloan, Elita Edehek atzerritar gaixoen karta lortzea ukanen du helburu. Izan ere, berez, sei hilabeteak iragan eta, baliteke bere osasuna hobetu dela erabakitzea administrazioak eta Edehen egonaldia horretan uztea eta berriz bidaltzea Nigeriara.
Halere, Cimade elkartekoek zehaztu dutenez, eta nahiz eta mediku sekretupean izan bere egoera, «luze» joko du artamenduak. Argi dutena da, nolanahi ere, ez dela orain bururatzen Edeh babestu beharra: «Hurbiletik zaindu beharko da sei hilabeteren buruan luzatzen dioten baimena, adibidez. Eta hiru aldiz berritzen baldin badiote behin-behineko baimen hori, txartelik eman gabe, hor beharko da berriz ere saiatu txartela hori lortu arte», esplikatu du Sarah Danflousek, Cimade elkarteko langileak.
Berriz eska dezake asiloa
Arte horretan, asilo estatutuaren aukera ere badago. Berriz eskatzen ahalko du Edehek; eska dezake bere egoera berriz iker dezan administrazioak, asiloa lehenbiziko aldian ukatu badiote ere. Eta horretarako ez du eperik. Jadanik eska dezake, eta eskuratzeko aukerak balituzke. Ardhis elkartea izanen du horretan laguntzaile.
Pertsona homosexualen eta transexualen egonaldi eta asilo eskubidearen ezagupenaren alde ari da lanean elkarte hori. Asilo estatutua lortzeko egin beharreko prozesu guztiaz jabetuak dira; adituak ditu elkarteak. Eta Edehen kasuan, gainera, elkarteak hasieratik izana du bere egoeraren berri. Gehiago dena, lekuko gisa aritu da Edehen egoeraren berri ematen eta salatzen.
(Puede haber caducado)