Sei hilabetez Frantziar estatuan geratzeko baimena eman diote Elita Edehri

Psikiatra batek trauma ondoko nahasmendua zuela ohartarazi ondotik hartu dute Edeh aske uzteko erabakia. Gaur jasoko du Hendaiako atxikitze zentrotik irteteko baimena. Berez, gaur bertan zuten deportatzekoa, Estrasburgok kanporatzearen aurkako haren abokatuen helegitea atzera bota ostean.

Berria, Arantxa Elizegi, 20-08-2015

Azken orduan hartu zuten atzo erabakia. Elita Edeh kanporatzeko dena prest zegoenean, eta ezer egiterik ez zegoela zirudienean, Paueko auzitegiak Frantziako Estatuak sei hilabetez geratzeko baimena eman zion emakume nigeriarrari.
Eskualdeko Osasun Agentziako medikuek emandako aholkuak direla-eta utzi dute bertan behera Edeh kanporatzeko erabakia. Izan ere, psikologoek ohartarazia zuten lehendik ere trauma ondoko nahasmendua zuela hark —bere bikotekidea hil egin zuten auzokoek, lesbiana izateagatik—. Beraz, gaurtik aske geratuko da.

Elita Edehk hamalau urteko kartzela zigorra jaso dezake Nigeriara itzuliz gero. Izan ere, han gogor zigortzen dituzte sexu bereko pertsonen arteko harremanak.

Oztopoak alde guztietan

Ez du nigeriarrak bidea erraza izan. Nigeriatik alde egin zuen adiskideen laguntzaz, eta AEBetan sartzen ahalegindu zen, baina han ere ateak itxi zizkioten. Hala heldu zen Parisera. Han Poliziak atxilotu egin zuen, baina epaileak aske uztea erabaki zuen, zazpi egunean Frantziar estatutik alde egiteko baldintzarekin. Ordea, laugarren egunean berriz atxilotu zuten, Hendaian, eta bertan atxikitze zentroan izan dute Paueko auzitegiak horrenbeste itxarondako baimena aitortu dion arte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)