Marotori kargu hartu zion herritarrari isuna kentzeko eskatu du SOS Arrazakeriak
EAEko Fiskaltza Nagusira jo du elkarteak, Gasteizko alkate ohiari «lotsagabe» deitu zion herritarraren aurkako auzia artxiba dezaten
Berria, , 19-08-2015Javier Maroto Gasteizko alkate ohi eta PPko idazkariordeari kargu hartu zion herritarrari ezarritako isuna kentzeko eskatu dute Arabako SOS Arrazakeriak eta etorkinei babesa emateko Ongi Etorri elkarteak. Horretarako, salaketa bat jarri zuten atzo EAEko Fiskaltza Nagusian. Era berean, Gasteizko Udalari eskatu diote espedientea artxiba dezala, eta herritarrari ezarri zitzaion isuna ken diezaiotela. Udalak erantzun du espedientea ebatzia dagoela, eta, beraz, ezin dela artxibatu. Halere, herritarrak helegitea jar dezake oraindik.
Arabako SOS Arrazakeriako ordezkari Fede Gartziak adierazi du ez zaiola «bidezkoa» iruditzen zigorra tramitatua egotea gertatutakotik bost hilabetera, are gehiago tartean udal gobernu aldaketa bat egon denean. Gogoratu du EAJk Marotoren jarrera salatu zuela oposizioan zen bitartean. Gartzia, alabaina, ziur dago EAEko fiskal nagusi Juan Kalparsorok kasua artxibatuko duela. Alkate ohia Laguntza justuagoak izeneko kanpaina egiten ari zen iragan martxoan Gasteizko herritar batek «lotsagabe» deitu zionean. Udaltzainek 200 euroko isuna ezarri zioten, eta espedientean «segurtasun publikoa» aztoratu zuela adierazi zuten isuna ezartzeko arrazoi nagusi gisa.
Antzeko kasu bat gertatu zen hilabete berean herritar batek Marotoren kanpainak arrazakeria bultzatzen zuela leporatu zionean alkate ohiari. Herritarrak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen; salatu zuen alkate ohiak 350 euroko isuna jartzearekin mehatxatu zuela kanpainaren alde sinatzeari uko egin ziolako. Kalparsoro fiskal nagusiak artxibatu egin zuen auzi hori, argudiatuta bi bertsio kontrajarri zeudela eta ezin zela salaketa frogatu.
(Puede haber caducado)