ASILO ESKUBIDEA. ELITA EDEHEN AUZIA
Azken erantzunen zain da Edeh
Psikiatrak baieztatu du trauma ondoko nahasmendua pairatzen ari dela Hendaian atxikitako gazte nigeriarra. Horrek deusezta dezake administrazioak biharko berretsi dion Nigeriarako hegaldia
Berria, , 19-08-2015Elita Edehek dena kontatu zion Baionako auzitegiko epaileari atzo goizean. Zehatz saiatu zen azaltzen azken hilabeteetan gertatutakoa, epaileak galdegin baitzion Nigerian nola jakin zezaketen homosexuala zela. Bere intimitateaz aritu zen Edeh, ezezagunez betea zuela auzitegia. Nola beste hiru lagunekin elkartu zen bi gelako etxebizitza batean. Nola amodioa egiten ari zen bere neska-lagunarekin, auzoa bat-batean sartu zitzaielarik. Nola auzoa hasi zen oihuka, beste auzoei abisatzeko. Nola Edehek lortu zuen leihotik ihes egitea. Baina besteek ez, ordea. Auzoak leihoa blokeatzea lortu zuela. Nola bere bikotekidea hil zuten, erraz. Nola beste bi lagunen kasuan Polizia garaiz iritsi zela, «beharrik», eta ondorioz atxilotu zituztela. Hamalau urteko presondegi zigorrera behartzen ditu homosexualak Nigeriako legeak. Eta behin preso sartuta, nola tratu txarrak, torturak, bortxaketak diren haien errealitate. Nola bere herrialdean lesbiana «deabruzko izakia» den eta «gauza ona da haiek hiltzea».
Salako ezezagun guztiak konbentzitu zituen Edehek, baita hunkitu ere. Tartean bere egoera salatzera eta sostengatzera joandako SOS Homofobia, SOS Arrazakeria, Cimade eta EHGAM elkarteetako kideak. Ez zituen konbentzitu, aldiz, ez epaileak, ez eta Frantziako Estatuko administrazioaren ordezkariak ere.
Atzokoan, auziaren mamia ez zuten aztertu. Tramite hutsa izan zen, 25 egun Hendaiako atxikitze zentroan (Lapurdi) iragan dituelako Edehek. Egonaldia luzatzeko auzitegitik iragatea da prozedura. Eta hala erabaki zuten: 26 urteko gazte nigeriarra zentroan atxikitzea. Orotara, 45 egun arte atxiki dezakete han.
Edehen parean Frantziako Estatuko administrazioaren ordezkaria zegoen atzo auzitegian. «Edehen argumentuak entzungarriak dira, legitimoak ere bai, pentsatzen dut, Nigeriako bizi baldintzei dagokienez», erran zuen. Baina ez zuen ontzat hartu emakumearen lekukotasuna, eta sorterrira kanporatzeko eskaera berretsi zuen horrek. Bitartean, Hendaiako atxikitze zentroan gelditu beharko du.
Epaileak segitu zuen erabaki hori, beraz. Hona haren argumentu nagusia: Edehek Frantzian etxebizitzarik ez izatea. Izan ere, atxikitze zentrotik ateratzeko aukera bakarra Frantziako Estatuan bertan obligaziozko bizileku batera eramatea litzateke. Baina bere helbide zehatzik ez zien eman Edehek.
Estrasburgok ere, uko
Baionako auzitegiaren erabakia Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ukatu babesaren biharamunean iritsi da. Estrasburgok ere bere sorterrira ez kanporatua izateko eskea ukatu baitzion atzo Edehi. Baina, hor ere, forma zuen aztertu bakarrik auzitegiak. Parisen atxilotu zutenetik gaur arte haren eskubideak errespetatu zituzten begiratu zuen oroz gainetik. Eta hala izan dela erabaki zuen. Edehen errekurtso eskubide guztiak errespetatu zaizkiola: «Auzitegiaren iritziz, Frantziako Estatuak bere eginkizuna bete du», esplikatu zuen Edeh laguntzen duen Cimade elkarteko kide Francisco Sanchez Rodriguezek.
Beste gisa batez laburbiltzeko, guztiek daukate erreferentzia nagusitzat OFPRA Iheslari eta Aberrigabeak Babesteko Frantziako Erakundeko ordezkariek hartu erabakia. Horrek asilo estatutua ukatu zion Edehi iragan ostiralean, emakumearen esplikazioak ez zirelakoan aski zehatzak. Prentsa artikulu bat dauka esku artean Edehek, Nigerian argitaratua, gau hartan gertatuaz. «Baina agian ez dela egiazkoa ere pentsa zezaketen», saiatu zen ulertzen Sanchez. Homosexualitatea ez zuela aski frogatu ere pentsa zezaketen, iduriz. Horrek dakartzan zailtasunak nabarmendu zituen Sanchezek: «Nola frogatu nortasun bat, kontzientzia bat, hain zentsura gogorra dagoen herrialde batean? Pertsona hauskor bati galdegiten dizkiote inoiz lortzen ahalko ez dituen froga batzuk».
Trauma duela aitortu diote
Errekurtso aukerak amaitzen ari zaizkio, hortaz, Elita Edehi. Baina guztiak ez dira agortuak. Auzitik landa, atzo arratsaldean, aukera sendo bat agertu zitzaion Edehi: Baionako ospitaleko psikiatrak baieztatu egin zion Hendaiako atxikitze zentroko orotako medikuaren diagnostikoa. Hau da, Nigerian gertatu zitzaionagatik nahasmen postraumatikoa pairatzen ari dela.
Orain, eskualdeko osasun agentziara joko du Edehek. Horrek erabakitzen ahalko du Nigeriara ez kanporatzea. Baldin eta pentsatzen badu itzultzea ez dela haren egoerarekin bateragarria. Hala erabakitzen badu, atzerritar gaixoaren karta eskura lezake Edehek. Gutxienez urtebetez Frantziako Estatuan bizitzeko eskubidea luke agiri horrekin. Baina, karta eskuratu baino lehen ere, aukera horrek beste ondorio bat izan dezake: prefekturak Edehentzat Nigeriako Lagos hiriburura joateko erreserbatua duen biharko bidaia deuseztatzea, administrazioak agentziaren erantzunari itxarotea onartzen badu.
Horrez gain, atzo Baionako epaileak hartutako erabakiaren aurka ere dei egin du Edehek. Izan ere, haren aldeko elkartasuna indartuz doala, obligaziozko bizileku bat proposatzen ahalko diote epaileari. Kasu horretan, Edeh aske litzateke, baina egun guztiz beharko luke izenpetzera joan polizia etxera.
Beste helegite bat Estatuko Kontseiluan jarria du Edehek, betiere Cimaden laguntzarekin. Administrazioak funtsezko askatasun baten aurka egin duela pentsatzen delarik balia daiteke aukera hori.
(Puede haber caducado)