Marotori kargu hartzeagatik ezarritako isuna artxibatzeko eskatu du SOS Arrazakeriak
Gara, , 18-08-2015SOS Arrazakeriak Javier Maroto alkate ohiari kargu hartzeagatik herritar bati ezarritako 200 euroko isuna artxibatzeko eskatu dio Gasteizko Udalari. Isuna «bidegabekoa» dela uste du elkarteak, eta kasua EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltzara eraman duela gaineratu du.
SOS Arrazakeriaren ustez, «bidegabekoa» da herritar batek Marotori «lotsagabe» deitzeagatik jaso duen 200 euroko isuna, eta horregatik zigorra artxibatzeko eskatu dio Gasteizko Udalari.
Arabako SOS Arrazakeriako presidente Fede Garciak eta etorkinei babesa ematen dien Ongi Etorri elkarteko ordezkari batek idazki bat erregistratu dute astearte honetan EAEko Fiskaltza Nagusian egoera hori ezagutarazteko. Marotok etorkinek laguntza sozialak izateko aukerak gogortu nahi zituen, eta gai horren harira izan zen gertaera.
Gasteizko Udaltzaingoak adierazi zuen 200 euroko isuna jarri ziola «segurtasun kolektiboa» aztoratu zuelako. SOS Arrazakeriak gogorarazi du Juan Calparsoro fiskalak «antzeko egoeran» zegoen beste kasu bat jada artxibatu duela.
(Puede haber caducado)