Gizartea
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ez du ontzat hartu Elita Edehen eskaera
Berria, , 18-08-2015Nigeriarra da, eta lesbiana: haren jaioterrian, legez kanpokoa da homosexualitatea. Uztailetik dago Hendaian atxikia, eta Frantziak asiloa ukatu zion iragan astean. Elita Edeh 26 urteko nigeriar lesbiana kanporatze arriskuan da, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak haren babes eskaera atzera bota ostean. Kasuaren funtsa aztertzea ere ez du onartu Estrasburgok: Frantziako Estatuan Edeh atxilotu zutenetik prozedura aldetik arazorik izan den ala ez baino ez du aztertu, eta ezezkoa izan da emaitza. Iragan ostiralean Frantziako OFPRA erakundeak asilo estatutua ukatu ondotik, Estrasburgoko Auzitegian zuen jarria itxaropena Edehek. Pixkanaka helegite guztiak erortzen ari direla eta, baliteke agorrilaren 20ko hegazkinean bidaltzea Nigeriara.
Era berean, Edehek Hendaiako atxikitze zentroan segitzea erabaki du Baionako auzitegiak. Askatasunen epailearen aurrean izan da gaztea gaur goizean, atxiloketa egunetik epe jakin bat igarota; epaileak argudiatu du Edehek ez duela helbide jakinik Frantziako Estatuan libre segitu ahal izateko.
Erabaki horri helegitea jarriko diola adierazia du Cimadek, Edeh laguntzen ari den elkarteak. 24 ordu ditu horretarako, eta baliteke bihar beste audientzia bat izatea. Izan ere, gaztearen aldeko elkartasun sarea indartuz joan dela – eta, badaude Edeh etxean errezibitzeko prest dauden boluntarioak; epaileari beren helbideak aurkeztuko dizkiote. Atxikitze zentrotik askatzeko deia egiteaz gain, Cimade elkarteak dei egitekoa du Frantziako Estatu Kontseilura, urgentziaz.
Funtsean, audientziara agertu dira EGHAM, SOS Homofobia eta SOS Arrazakeria elkarteetako kide zenbait, Edehi gertatzen ari zaiona salatzeko.
Nigeriara itzuliz gero, hamalau urteko espetxe zigorra arriskatzen du Edehek, homosexualitatea delitu delako han. Hendaiako atxikitze zentroko medikuak egin azterketak, gainera, erakutsi du osasun arazoak ere izan ditzakeela, txoke postraumatiko baten ondorioz. Orain azterketa sakonago bat egitekoa diote.
(Puede haber caducado)