Igelak, emakumeak eta etorkinak

Berria, Gari Berasaluze, 13-08-2015

Kalaportuko bazterrak sortu eta idatzi zituen marinel zaharrari aspaldi irakurri genion libururen batean: haurrek jolasean harrikatzen dituzte igelak, baina igelak benetan hiltzen dira.

Ez dago laburrago eta zehatzago erakusterik hilketa baten larritasuna nola alda daitekeen begiradaren arabera, kontzientziaren ostikadak apaltzeko. Etxe kaleratzea sinatu duenak lasai egingo du lo, inor bere buruaz beste egitera bultzatu duenik sinetsi gabe. Lege bidegabeen mertzenarioak otzan beteko ditu aginduak soldataren ordainetan, heriotzaraino jazarri duen etorkina benetan hil denik ere ohartu gabe. Arma batekin tiroka ari den boluntarioak ez du askorik galdetuko zer tinta mota den saihetseko hori, nonbait lurrean geratu den kaskilloa baino hutsagoa geratu den gelaren bat badagoenik pentsatu ere egin gabe. Hilketak eta hildakoak beti dira benetakoak, jolasa, ekonomia, lana, askatasuna ala dena delakoa izanda ere requiemaren melodia.

Aspaldi ikasi genuen norbait hiltzeko era ugari daudela, eta orrialdeotan herenegun bertan ere irakurri genuen zer den eraso bat. Begirada aldatu daiteke, eta gertaeren sustraiez eztabaidatu, baina igelak, emakumeak eta etorkinak benetan hiltzen dira beti.

Norbait soldataren ordainetan hiltzen dutenean, gainera, gezurrak datoz ondoren. Mikel Zabalza, Gurutze Iantzi, Xabier Kalparsoro, Rosa Zarra, Josu Zabala, Jose Atanes, Iñigo Cabacas edo Michael Brown bezalako izen askorekin beteta daukagu memoria. Bertsio ofizial faltsuen bilduma da historia, badakigu. Lorontziak leihoetatik bota egiten dituzte, baina atxilotuak erori egiten dira. Tres Cantos eta Ciutat Morta gehiegi ezagutzen ditugu dagoeneko autopsiak ukatzen eta gorpuak bahitzen dituzten poliziei ezer sinesteko.

Salouko tattoo & piercing denda batean ezagutu nuen duela zenbait urte Penelope. Piercing bat egin zidan, solasean aritu ginen, eta orduz geroztik badugu elkarren berri, sare sozialen bidez. Herenegun goizean ere lanean ari zen Bartzelona kaleko denda berean, Poliziak senegaldar bat hil zuen lekutik hurbil. Hedabideek besterik zioten orduetan, zalantzarik gabe idatzi zuen gertatutakoa: «Leihotik bota dute poliziek, eta laguna nola hil duten ikusita, sutan daude senegaldarrak, haserre eta minduta. Poliziek azkar bahitu dute gorpua, autopsia saihesteko». Mor benetan hil zen. Beste behin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)