Zirrikituetatik begira
Tunela
Deia, , 07-08-2015TUNEL bat. Tunel ilun eta luze bat. Klaustrofobikoak garenontzat benetan beldur ematen duen horietakoa. Bestaldeko argia erakusten ez dutenetakoa.
Auto baten maletategia. Leku ilun eta itogarri bat. Fobikoen infernu. Estuasunaren erresuma.
Tunela, auto baten maletategia. Bi leku ilun, gizarte baten itsukeriaren ispilu. Bi leku ilun, hilobi bihurtuta egunotan. Eta orain, Mediterraneo itsasoa, berriz ere, hainbat pertsonen azken arnasaren jabe.
Azken astean gertatutako etorkinen heriotzak ez dira istripuak, gure munduak erahil ditu guzti horiek, gure mundua antolatzeko moduak, munduan dauden hondasunak banatzeko moduak, ni hemen eta zu hor dioten erabakiek. Ni hondar sikuan etzanda eta zu olatuekin borrokan igeri egiten jakin gabe.
Manchako tunela mantxa bihurtu da egunotan, orbana, etorkinei geure mundura sartzen ez uzteko erabili dugun inbutua, koladorea. Pertsona baten bizitzak maleta batek baino balore gutxiago duela egiaztatu dugu baita ere. Eta orain berriz Mediterraneo itsasoa, hainbat bizi – tzen azken arnasaren lekuko.
Eta bitartean, Erresuma Batuak erabaki du etxeak alokatzen dituzten jabeak behartuko dituela paperik gabeko etorkinak salatzen. Arazoa, beraz, ez da mundua nola antola – tzen dugun, baizik eta nola kentzen ditugun hauek guztiak gainetik.
Zein ondo bizi ginen arrazakeriarik gabe, hauek guztiak etorri ziren arte. Hori da diskurtsoa. Arrazakeria ere haiek ekarritako gaitza balitz bezala.
Baina zein tunel ilunetan bizi gara gertatzen ari dena ez ikusteko? Zein itsasotan daude itota gure baloreak? Arazo potolo guztietan gertatzen den bezala, konponbidea arazoaren erroan aurkitu behar da eta ez arazoak eragiten dituen ondorioetan. Begirada ez da Calais edo Mediterraneora zuzendu behar bakarrik, han ikusi ditugun ondorioak sortu dituen munduaren ordena injustoari baizik. Baina gu lasaiago bizi gara tunelaren iluntasunean, itsu. Itsutasun eroso batean.
(Puede haber caducado)