«Hobi komun bat» itsasoan

Libiatik ateratako migratzaileen ontzi bat hondoratu, eta gutxienez 25 lagun hil dira. Bizirik erreskatatutakoak 400 dira, baina horiek adierazi dute 600 inguru zihoazela ontzian

Berria, Mikel Rodriguez, 06-08-2015

IOM Munduko Migrazioen Erakundeak herenegun eman zuen Mediterraneoko zeharkaldiek 2015ean igaro diren zazpi hilabeteotan utzitako kopuru gordina: 2.000 hildako baino gehiago. Atzo Libiako kostatik gertu izandako bertze hondoratze batek, ordea, handitu egin du tragedia. Erreskate ontziek 25 gorpu atera zituzten uretatik, eta 400 lagun bizirik erreskatatu zituzten. MSF Mugarik Gabeko Medikuek ohartarazi dute, ordea, bizirik ateratakoek azaldu dietela 600-700 bidaiari zihoazela ontzian, eta, beraz, guztira hildakoak anitzez gehiago izan daitezkeela. Erakunde horrek Twitter sare sozialean idatzi du ez dela «inoiz» jakinen zenbat lagun ito ziren atzo. «Apirilean erran genuen, eta berriz erranen dugu. Hobi komun bat sortzen ari da Mediterraneoan, eta Europako estatuek dute horren erantzukizuna».

Libia mendebaldeko Zuwara hiritik 25-40 kilometro iparraldera dagoen eremu batean gertatu zen ezbeharra. Italiako kostazainek jakinarazi zuten Sizilian irrati dei bat jaso zutela, itsasoan matxuratutako ontzi baten berri emateko. Nawal Sufi migratzaileen defentsan aritzen den ekintzaile siziliarrak ere laguntza dei bat jaso zuen «600 lagun inguru» zeramatzan ontzi batetik. Mediterraneoan EB Europako Batasunaren misioan zaintza lanak egiten dituen Irlandako armadaren ontzi bat eta MSFren bertze bat ailegatu ziren ontzia geldituta zegoen tokirantz, eta orduan gertatu zen ezbeharra. MSFren arabera, laguntza ailegatzen ari zela ikustean, bidaiari kopuru handiegia pilatu zen ontziaren alde batean, eta irauli egin zen.

Erreskatean aritu diren taldeek ezin izan dute zehaztu hildako kopurua. Italiako kostazainek jakinarazi zuten 400 lagun inguru bizirik erreskatatu zituztela, eta 25 gorpu atera zituztela uretatik. Ontzian zihoazenek emandako bidaiari kopurua kontuan hartuz gero, 200 inguru ere izan litezke desagertutakoak, baina MSFk ohartarazi du «tentuz» hartzeko kopuruak. «Ez dugu inoiz jakinen zenbat ito diren gaur».

Udako ezbehar handiena

Uda honetan Mediterraneoan gertatutako tragedia handiena izan da atzokoa. Dena den, Europa Afrikatik eta Asiatik bereizten duen itsasoa zeharkatzen astero hiltzen dira migratzaileak. Joan den astean bakarrik, gutxienez hemeretzi lagun hil ziren. Iragan apirilean gertatu zen ezbehar handiena, hondoratze bakarrean 800 lagun inguru ito baitziren, horiek ere Libiatik aterata. Nazio Batuen Erakundeak orduan jakinarazi zuen Mediterraneoko zeharkaldietan dokumentatutako inoizko hildako kopururik handiena utzi zuela hondoratze hark. Izan ere, Afrikako edo Turkiako kostak uzten dituzten ontzi guztien gaineko informaziorik ez dagoenez, litekeena da hondoratzeen eta hildakoen kopurua handiagoa izatea. «Ezin da onartu XXI. mendean gatazketatik, jazarpenetik, miseriatik eta lurraren degradaziotik ihesi doan jendeak egoera horiek jasan behar izatea, eta, gero, Europako atarian hil», salatu du William Lacy Swing IOMeko zuzendariak.

IOMek herenegun emandako datuen arabera, aurten 188.000 lagun inguru erreskatatu dituzte Mediterraneoan. Hildakoak 2.000 baino gehiago dira, eta iaz urte osoan 3.300 hil ziren. Itayi Virri IOMeko bozeramailearen arabera, Libiatik hasitako zeharkaldiak dira «hilgarrienak», zenbatutako hildako guztietatik 60 bertzerik Afrikako herrialde horretatik atera baitziren —60 horiek Turkiatik Greziarako bidean hil ziren—. Europara ailegatu nahi dutenentzat errazagoa da Libiatik saiatzea, 2011ko gerraren ondoren estatua praktikan deseginda dagoelako, eta kontrola bertze tokietan baino anitzez eskasagoa delako. Apiriletik, EBko estatuak eztabaidatzen ari dira Libian «giza trafikatzaileen aurka» erasoak egiteko proposamena.

EBko agintariek immigrazioaren inguruko eztabaida berriz ere hauspotu dute azken egunotan, Frantziako Calais hirian Erresuma Batura sartzeko asmotan dauden milaka migratzaileren egoerarengatik. Manuel Valls Frantziako lehen ministroak erran du «lehen irtenbidea Afrikan lortu behar» dela, anitz ihesera bultzatzen dituzten gatazkak «konponduta». Baina jarraian EBko agintari gehienak kezkatzen dituzten auzietako bat aipatu du: mugen kontrola. Vallsek erran du EBren kanpoko mugen zaintza zorroztea ez ezik barnekoak ere «berriz antolatu» behar direla.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)