Zirrikituetatik begira
Calais
Deia, , 05-08-2015CALAIS inguruan kanpamentutan bizi direnen berri izan dute batzuek egunotan, baina arazoa zaharra da: ferry konpainiek aspaldian altxatu zituzten hesiak, eta gero altuago egin, eta gero ferryetako ateen ireki – itxi sistemak hesietakoekin koordinatu, etorkinen sarrera galarazteko; eurotunelean kamioietan zein trenetan (askotan tren azpietan ezkutatuta) saiatu dira aspaldidanik Erresuma Batura joan nahi dutenak. Orain Calaisekoa hedabideetan daukagu hainbat hil direlako bertan, baina jendeak urteak daramatza hiltzen leku horretan. Europarako bideak, Europako bideak hildakoz beteta daude, Frantziak eta Erresuma Batuak hesiak altuago egitea erabaki dute eta polizia gehiago hara bidaltzea. Alferrik izango da, basamortuak eta itsasoak zeharkatu dituena behin eta berriro saiatuko baita oztopo berri horiek gainditzen. Frantziak eta Erresuma Batuak Europako Batasunari kexua helarazi diote, ez dutela languntza nahikorik eta abar. Italiako gobernua harrituta egongo da, laguntza gutxi jaso baitu Mediterraneoan galduak salbatzeko. Etorkin asko zegoen Italiako Ventimiglia muga – herrian Frantziara sar – tzeko, baina Frantziak muga itxi zuen. Egoera errepikatzen da orain Calaisen.
Maleta batean itota agertu da beste bat Almeriara zihoan itsasontzi batean. Laster Hungariak eraiki berri duen hesitik horrelako berriak iritsiko zaizkigu. British Airways kezkatuta dago Afrikatik Londresera doazen hegazkinetan jendea gurpil artean ezkutatzen delako: izoztuta hil eta gero, gorpuak Londreseko teilatuen gainera erortzen dira lurreratzeko trena irekitzen denean. Kasu deigarrienak hedabideetan ateratzen dira, gehienak ez, eta hil diren pertsona horien izenak inoiz ez. Guztiok dakigu dentista estatubatuar horrek hil duen lehoiaren izena; niri ere absurdoa iruditzen zait ehizarena, baina absurdoagoak dira, nire ustez, lehoi horrekiko kezka eta etorkinekiko axolagabekeria orokorra. Animaliak baino gutxiago dira: Cameron lehen ministro britaniarrak “swarm of people” (jende erlauntza) deitu zien. Tristeena da asko ados egongo direla.
(Puede haber caducado)