IMMIGRAZIOA EBN. FRANTZIAKO ATZERRITARREN ESKUBIDEEN LEGEA

Atzerritarrak motzean lotzeko

Etorkinen eskubideen lege erreformari heldu diote Frantziako Asanblea Nazionalean. Kontrola areagotu, eta paperik gabekoak arinago kanporatuko dituzte

Berria, Adrian Garcia, 04-08-2015

Frantzian bizi diren atzerritarren baldintzak hobetzeko eta arautu gabeko immigrazioaren aurka borrokatzeko. Bernard Cazeneuve Frantziako Barne ministroak gisa horretan aurkeztu du Asanblea Nazionalean atzerritarren eskubideen lege proposamena. Lau eguneko eztabaidaren ondotik, uztail amaieran lege proiektuaren lehen azterketa onartu zuten legebiltzarkideek. Herrialdean bizitzeko baimena urtero berritu ordez, bi eta lau urte bitarteko bat jasoko dute atzerritarrek. Horrez gain, 6 urte zituztenetik herrialdean bizi direnak Frantziako herritartasuna eskuratzeko prozesua ere sinpletuko dute. Baina etorkinen eskubideen aldeko aurrerapauso orok du bere ifrentzua. Kontrol mekanismo zorrotz bat abiaraziko du estatuak atzerritarren eskakizunak egiaztatzeko, eta prefetaren boterea areagotuko da. Finean, etorkinak ustezko iruzurgiletzat hartuko dituzte botere publikoek. Udazkenean Senatura iritsiko da legea, eta Gabonak baino lehen indarrean jartzea espero dute.

François Hollande presidentearen hauteskunde kanpainako promesa da neurria. Hiru urteko atzerapenarekin heldu izanagatik, ez dirudi immigrazio alorrean azken hamarkadan hartutako neurri murriztaileen eragina leunduko duenik. Asanblea Nazionaleko eztabaida bizia izan da, eta Calaisen Ingalaterrara sartzeko asmotan diren migratzaileen inguruko aferak jasotako arretarekin bat etorri da denboran.

Barne ministroak gogorarazi duenez, migrazio arautuaren fluxua urtean 200.000 lagunek osatzen dute, alegia, biztanleriaren %0,3k. «OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko zerrendaren azpialdean gaude». INSEE Estatistika eta Ikerketa Ekonomikoen Institutu Nazionalaren arabera, lau milioi atzerritar inguru bizi dira Frantzian.

PSk eta Ezkerreko Erradikalek oniritzia eman diote erreformari. Ekologistak eta Ezkerreko Frontea, ordea, abstenitu egin dira. UDIk eta Errepublikanoek —lehen UMP—, berriz, aurka egin dute. FN Fronte Nazionalak ez du bozketan parte hartu, baina gogor kritikatu du erreforma.

Hainbat urtetarako baimena da erreformaren neurri izarra, gehien espero izan dena. Egun, Schengen eremuko herrialde batetik ez datozenek urtero berritu beharra dute prefekturan. Urtebeteko baimenaren ostean, sistema berriarekin bi eta lau urte arteko baimenak emango dituzte, eta tramite burokratikoa saihestu ahal izango dute. «Amorrazioa eragiten dute, eta integraziorako kontrako eragina izan dezakete», adierazi du txostenaren egileak, PSko diputatu Mathias Feklek.

Baina «kontrolerako sistema egoki bat» ezartzea ere beharrezkotzat du Feklek. Alegia, zaintza mekanismo zabal baten bidez etorkinak motzean lotuko dituzte. Estatuaren ordezkariek administrazio publikoari zein enpresa pribatuei baimen eskatzailearen inguruko makina bat datu pribatu eskatu eta jaso ahal izango dituzte. Sekretu profesionala ez da nahikoa arrazoi izango datuak ez emateko. Sekretu medikua da legeak bermatzen duen bakarra.

Langabezia bulegoak, udalak, gizarte segurantzak, hezkuntza zentroak, unibertsitateak, gas eta elektrizitate hornitzaileak, telefonia konpainiak, bankuak, osasun etxe publiko zein pribatuak… Luzea da lege proiektuak datuak luzatzera behartzen dituenen zerrenda. Dena estatua etorkinaren bizitza pribatuan murgildu dadin. Argudioa: iruzurrak saihestea eta arautu gabeko immigrazioari aurre egitea. «Paradoxikoki, egun gizarte segurantzak eta ogasunak prefeturen informazio osoa jaso dezakete, baina alderantziz ezinezkoa da. Asimetria hori konpondu beharra dago, gure sistema ahultzen baitu iruzurgileen aurrean», defendatu du Barne ministroak. Haren arabera, prefeturei eta atzerritarrei lana erraztuko die erreformak.

Giza eskubideen aldeko erakundeek biziki kritikatu dute legea. PSren barruan ere ezinegona sortu du, eta parlamentuko batzordean garraio enpresen eta ogasunaren datuak kanpo uztea erabaki dute. Ez da nahikoa, ordea, atzerritarren eskubideen aldeko elkarteentzat.

Izan ere, etorkinen datu horiek kudeatzerakoan inork ez du prefeten jarduna gainbegiratuko. Ez dute epaileen baimenik beharko, eta immigrazio alorrean lehendik ere zuten boterea indartuko dute. Baimena eskatu dutenen txostenak nahi dutenean ireki ahal izango dituzte, «egoeraren azterketa sakon» bat egiteko. Baldintzaren batek huts eginez gero, prefetak eskumena du baimena bertan behera uzteko.

Paperik gabekoak estutu

Baina beste traba asko aurreikusi dituzte baimena lortzeko bidean. Esaterako, Frantzian legez kanporatutako erakundeetako kide ez direla adierazi beharko dute espresuki. Horrez gainera, «errepublikaren balioen ukazioa» erakutsi duen oro prozeduratik kanporatua izango da. Baldintza gogorragoak izango dituzte baimenduek. Ikasketak edo tratamendu bat luzatzea ez da arrazoia nahikoa izango baimena berritzeko; agortuz gero, berdin-berdin alde egin beharko dute.

Bidenabar, arautu gabeko immigrazioari aurre egiteko, urruntze politika «eraginkorragoa» ekarriko du legeak, Cazeneuveren hitzetan. Hau da: asilo eskaera ukatzen zaien errefuxiatuek hamabost egun izango dituzte herrialdea uzteko —egun 30 egunekoa da epea—, eta Poliziak indarrez kanporatu ahal izango ditu. Helegitea jartzeko epeak laburragoak ere izango dira; sei aste, hiru hilabeteren ordez. Bestela esanda: baimena dutenak zorrotzago kontrolatuko dituzte, eta ez dutenak, arinago kanporatuko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)