Emakume baten aurkako eraso xenofoboa salatu dute, Bilbon
Lanera zihoala, parrandan zebilen gazte talde batek egin zion eraso, duela bi asteburu, Sopelan. Harrez gero, gaixoaldian dago biktima
Berria, , 09-07-2015Andre batek Bilboko metroan sufritu duen eraso xenofoboa salatu dute haren lankideek Bilbon, atzo goizean egindako elkarretaratze batean. «Psikologikoki, txarto sentitzen da, eta, ondorioz, gaixoaldian dago. Gure babesa eta elkartasuna agertzearekin batera, erasoa erabat gaitzetsi nahi dugu. Gizarteak ezin ditu horrelako gorroto ekintzak onartu», adierazi du Jon Azpitarte EDE Taldeko komunikazio taldeko kide eta biktimaren lankideak.
Duela aste bi gertatu zen, Sopelan (Bizkaia), igande goizean. Biktimak metroa hartu zuen beharrera joateko, eta han egin zuen topo erasotzaileekin. EDE Taldeko kide den Suspertu enpresako langilea da. Gizarte bazterketa arriskuan daudenak lan merkatura sartzen egiten dute lan. Herrian, San Pedro jaiak ospatzen ari ziren. Parrandan zebilen neska-mutil talde batek egin zion eraso. Lekuan bertan artatu zuten andrea, eta gazte taldea identifikatu egin zuten gero haien kontrako salaketa ipini ahal izateko.
Azpitarteren arabera, jaiak ezin dira erabili besteen aurkako indarkeria justifikatzeko. «Ondo dago parranda egitea, ospatzea, ondo pasatzea, baina horren aitzakian ezin dira eraso xenofoboak onartu. Ezta homofoboak, sexistak edo beste edozein motatakoak ere. Alkoholak ez du edozer egiteko baimena ematen».
Kontzientziaren beharra
EDE Taldea osatzen duten enpresa eta erakundeetako 60 langile inguru bildu ziren elkarretaratzean, Xenofobiari ez leloa zeukan pankarta hartuta. Hamar minutuko protesta isila egin zuten. Izan ere, Azpitarteren arabera, «sarritan, isiltasuna diskurtsorik osatu eta mamitsuena baino gogorragoa izaten da». Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasun ere batu zitzaien, Alberto Ruiz de Azua Berdintasun zuzendariak lagunduta. Zinegotziaren esanetan, «Bilbok ezin du horrelako erasorik onartu». Kontzientzia sortzearen garrantzia azpimarratu du, «inork halako erasorik justifikatu ez dezan».
(Puede haber caducado)