Europarako itzalpeko sarbidea
Polizien tratu txarrak eta estortsioa sufritzen dute migratzaileek Balkanetako herrialdeetan barna, AIren arabera. Hungariako Parlamentuak onartu du Serbiarekiko mugan hesia eraikitzea
La Razón, , 08-07-2015Gero eta gehiago dira Balkanetako bidea hartzen dutenak Europan aterpe bila. Gerra eremutik eta pobreziatik ihesi, Greziara itsasoz iristen dira. Mediterraneoa gurutzatuta batzuk, Turkiatik beste batzuk. Ondoren, oinez Mazedonia eta Serbia gurutzatzen dituzte, EBko atzeko atetik sartzen saiatzeko, Hungariatik. Baina bidea oztopoz eta arriskuz betea dute; Balkanetako herrialdeetan Poliziak milaka eta milaka errefuxiatu kolpatzen eta estortsionatzen ditu, adingabeak ere tartean. AI Amnesty International erakundeak salatu duenez, gainezka dauden zentroetan pilatzen dituzte asko, haien eskubideak bermatu gabe. Eta Hungariara iristea lortzen dutenak ez dituzte hobeto tratatzen: Hungariako Parlamentuak onartu berri du migratzaileen eskubideak murrizteko lege sorta bat eta Serbiarekiko mugan hesi bat eraikitzea.
Migratzaileen itsasoko ezbeharrek arretagunea Mediterraneoan jarri badute ere, asilo eskatzaileek Mendebaldeko Balkanetako bidea erabiltzen dute gehien Europara iristeko. 2010. urtetik esponentzialki egin du gora Serbiako eta Hungariako muga gurutzatu dutenen kopuruak. AIren datuen arabera, 2.370 ziren orain bost urte. Soilik aurten 60.000 inguru sartu dira EBn Hungariatik. Siriako errefuxiatuak dira gehienak.
AIk kaleratutako txostenak migratzaileen sufrikarioa deskribatzen du. Zazpi hilabetez Serbian, Hungarian, Grezian eta Mazedonian egindako ikerketan eta migratzaileei eta lekukoei egindako elkarrizketetan du oinarria.
Greziako uharteetan lehorreratzen direnean hasten dituzte larritasunak kontinentean, baldintza kaskarretan iristen baitira, eta herrialdeak ez ditu migratzaileak hartzeko baliabide nahikorik. Baina mugak gurutzatzean izaten dituzte estutasun gehien, batez ere mugazainen jokabideagatik; AIren arabera, unean bertan mugaz bestaldera indarrez kanporatzen dituzte migratzaileak, legez kanpo. Mazedoniaren eta Greziaren arteko mugan, eta Mazedoniaren eta Serbiaren artekoan izan dute kasu horien berri.
Gainera, poliziek eskupekoak ordaintzera behartzen dituzte. AIk elkarrizketatutako lekuko baten arabera, Serbiako mugazainek 100 euro eskatu zizkioten talde bateko migratzaile bakoitzari, Hungarian sartzen uzteko. Segurtasun indarren partetik tratu txarrak ohikoak direla salatu dute errefuxiatuek. Adingabeak ere jo ohi dituztela jaso du AIk. Erabat babesgabe daude zeharkaldi osoan, polizien jazarpena sufritu ez eze, bidelapur eta giza trafikatzaileen mendean erortzeko arriskua ere bai baitute.
Bestela ere, bideak baditu arrisku asko. Tesalonika (Grezia) eta Belgrade lotzen dituen trenbidean oinez joaten dira migratzaileak, orientatzeko lagungarria baitzaie. Segurtasun indarrak saihesteko bidaia gauez egiten dutenez, erraza da istripuak jazotzea. Iragan apirilean, hamalau migratzaile hil ziren Mazedonian, tren batek harrapatuta.
Asilo eskaerak
Kargurik aurkeztu gabe atxilotzen dituzte migratzaile asko, eta, berme juridikorik ematen ez dietenez, Balkanetan harrapatuta geratzen dira, ez atzera, ez aurrera. AIk jakinarazi duenez, ehunka lagun —haurrak eta emakume haurdunak barne— denbora luzez atxiki ohi dituzte Mazedoniako Atzerritarrentzako Zentroan, Skopjen. Baldintza «penagarrietan» biltzen dituzte errefuxiatuak. «Sartu ginenean 450 lagun ginen, denak pilatuta. Jendeak eskaileretan lo egin behar zuen», kontatu dio errefuxiatu batek AIri.
Balkanetako herrialdeen asilo eskaeren tramiteen geldotasunak adoregabeturik, gehienek Hungariaraino jarraitzen dute bidea, EBn eta Schengen mugen barrura iritsita, Europa iparraldeko herrialdeetan babesa eskatzeko. Iaz, hamar eskatzaileri onartu zieten errefuxiatu estatusa Mazedonian. Serbian, ordea, bakarrari. Hungarian, zertxobait gehiagori, 240ri.
Baina EBn sartzean ez da amaitzen migratzaileen aurkako jazarpena. Baimenik gabe muga gurutzatzen harrapatzen dituztenak atxilotu egin ohi dituzte Hungarian, ondoren migratzaileen zentroetara eramateko. Are malkartsuagoa egingo zaie errefuxiatuei aurrerantzean Europarako sarbidea, Viktor Urban Hungariako lehen ministro kontserbadoreak migratzaileen aurkako mamuak astindu baititu; haren ekimenez migratzaileen eskubideak murrizteko lege sorta bat onartu zuen parlamentuak herenegun, gehiengo osoz —151 boto alde, 41 aurka—. Neurriak legezko egingo du migratzaileak kanpalekuetan atxikitzea, asilo eskaeren inguruan ebazteko prozesua azkartuko du, eta baztertutako eskaerek ezingo dute helegiterik jarri. «Asmoa da soilik asilo eskaera batzuk onartzea, hainbat dozena», adierazi du Zoltan Kovacs gobernuko bozeramaileak.
Horrez gainera, parlamentuak oniritzia eman dio Serbiarekiko mugan 175 kilometroko luzerako hesi bat eraikitzeari, eta neurriak NBE eta Brusela haserrearazi ditu. «Orain dela gutxi eraitsi genituen Europako harresi guztiak. Ez genuke beste bat eraiki behar», adierazi du Natasha Bertaudek, Europako Batzordeko bozeramaileak.
(Puede haber caducado)