Nomaden 150 furgonetak Lapurdiko bi zelai okupatu dituzte
Ibiltariak Donibane Lohizuneko Txantako eta Mugerreko Ibusti kirol zelaietan daude. Hamabost egun igaro nahi dituzte Mugerren
Berria, , 07-07-2015Uda hurbiltzean urtero ohi duten bezala, nomaden 100-150 bat karabana iritsi dira Lapurdiko kostaldera, eta Donibane Lohizuneko Txantako eta Mugerreko Ibusti kirol zelaiak okupatu dituzte. Bi herrietako udalek abian jarri dituzte nomada taldeak kanporatzeko prozedurak.
Ibiltariak igandean, arratsaldeko seiak inguruan, iritsi ziren Donibane Lohizuneko Txantako kirol zelaira; haien etorrera galarazteko harriak eta segurtasun hesia eraitsi ostean. Poliziak ehundik gora karabana zenbatu zituen tokian bertan. Udalak berehala hasi zituen nomadak handik kanporatu ahal izateko tramiteak.
Egoerari irtenbide bat aurkitzeko, baliteke Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak, 2013an egin zuen bezala, nomadak Akotze auzoko lursail batzuetara eramatea erabakitzea. Orduko hartan, Poliziak lau egun behar izan zituen karabanak tokiz aldatu ahal izateko.
Mugerreko Ibusti kirol zelaira, berriz, duela hiru egun iritsi ziren. Alkateari mezu bat helarazi nahi izan zioten ibiltariek: bertan hamabost egun igarotzeko asmoa daukatela, eta zelai nagusia ez dutela okupatuko. Nomadek, euren kamioien tornuekin zelaiko hesia apurtu, eta sarrera oztopatzen zuen edukiontzi bat eraitsi zuten sartu ahal izateko, hainbat hedabideren esanetan. Poliziak argudiatu du haiek iristerako ibiltariak zelai barruan zeudela jada. 64 furgoneta zenbatu zituen han.
Roland Hirigoien Mugerreko alkateak egun berean azaldu zuen bera ez dela gai zelaiko kalteak zenbatzeko. Nomadekin negoziatzen saiatuko dela baina «esperantza handirik» ez duela aitortu zuen. Negoziazioak atzo ziren hastekoak.
(Puede haber caducado)